Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketaren lehen kanporaketa Gorritin jokatuko da abuztuaren 23an

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 22a

Nafarroako 3, mailako finala, berriz, Oitzen jokatuko da irailaren 7an

Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako aizkolarien lehen kanporaketa larunbat honetan, abuztuaren 23an jokatuko dute Gorritiko pilotalekuan 12.30ean hasita. Aizkolari askok eman dute izena, tartean berri ugari, eta hiru multzotan banatuta jokatuko dituzte kanporaketak, eta bakoitzeko lehen biak lortuko dute finalerako txartela. Lehen kanporaketa larunbatan, abuztuaren 23an izanen da Gorritin, eta honako aizkolari hauek dute bertan parte hartzeko asmoa: Llanos, Txikon, Olasagasti, Zubizarreta, Zaldua, Agirre, Mugertza II.a, Aizpuru, Aranburu, Pellejero, Amillano, Ander Erasun eta Xanti Olano. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta lehen biak lortuko dute aurrera egiteko txartela. Honelako lan motzetan ezusteak ere askotan gertatu ohi dira, baina adituen ustez Mugertza II.a eta Erasun agertzen dira faborito.

Lantzen irailaren 14an

Bigarren kanporaketa Lantzen jokatuko da irailaren 14an, eta bertan honako hauek izango dira: Belauntzaran, Esnaola, Mugertza III.a, Alkizalete I.a, Alkizalete II.a, Beltza, Kañamares III.a, Mandazen, Aristegi, Telletxea, Eraso, Garitaonaindia eta Atutxa II.a.

Urrotzen irailaren 18an

Hirugarren eta azken kanporaketa Urrotzen jokatuko da irailaren 28an, eta bertan beste hauek lehiatuko dira: Aldape, Mendieta, Dorronsoro, Matxinandiarena, Patxi Mindegia, Oiarbide, Castro, Pikabea, Etxeberria, Perez eta Jauregi. Bi kanporaketa hauetan ere, bihar egin beharko duten bezalaxe, launa kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta multzo bakoitzeko bi onenak sartuko dira finalera. Azken saio hori Altsasun jokatuko da urriaren 19an.

Nafarroako hirugarren mailako finala irailaren 7an Oitzen

Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala irailaren 7an jokatuko da Oitzen, bestetako egitarauaren barrenean. Igande arratsaldeko 17:30ean hasiko den jaialdia hasteko, Jexux Agite gipuzkoarrak, lehenbiziko aldiz, 5 metroko altueran kanako egurra moztuko du erlojuaren kontra. Gero, Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko da. Uztailaren 10ean egin zen kanporaketa saioa Iruñeko Sanferminetan eta handik, Patxi Mindegia zubietarra, Ruben Saralegi leitzarra, Berriozarko Julen Kañamares, Raul Kastro urroztarra eta Oihan Larretxea beratarra ariko dira. Bi kanaerdiko eta 45 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte eta bizkorrenak, hirugarren mailako txapela janzteaz gain, bigarren mailan aritzeko eskubidea irabaziko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun