Eskopeta ehiztariak kexu daude Etxalarko Usategietako egoerarekin

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 22a

Zuhaitzen adarrak ez direla mozten eta bere lana oztopatzen dela uste dute

Irailaren hasierarekin batera, lehendabiziko larunbatean, Etxalarko Usategietan, Iarmendin uso ehizirako dauden 22 postuen enkantea eginen da aurten ere. Azken urteetan sareen inguruko postuak hartu dituzten eskopeta ehiztariak kexu daude, ordea, eta bere arrenkuraren berri eman diote Etxalarko Herriko Etxeari idatzi baten bidez, behar diren neurriak har ditzan.

Usoen pasabidea adarrekin moztua

Idatzian diotenaren arabera, usoen pasabidea, behin sareetaraino eramanda, erabat itxia dago, azken urteetan ez baitira bertan landatutako zuhaitzen adarrak moztu. Horretaz gain, 3 eta 4 sareen aitzinean ere plantazioa egin zen eta zuhaitzak handitu direnez, sareetako postuei eta gibelean daudenei traba egiten zaie. Horren ondorioz, hirugarren sarea eroslerik gabe gelditu zen joan den urtean.

Erabakia irailaren 6a baino lehen

Ehiztariek horrela ezin dela segitu uste dute eta Etxalarko Herriko Etxeari euro batzuk uzten dizkiotenez, errespetua eskatzen dute. Horregatik, neurriak hartzea eta dena usazaleen eskuetan ez uztea eskatu diote udalari, berak ateratzen baitu enkantean postuak. Bere erabakiaren berri irailaren 6a baino lehen ematea ere eskatu diote Etxalarko Herriko Etxeari, orduan aterako baitira enkantean uso-postuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun