Uharte-Arakilgo Artzain Egunak berrogeita batgarren edizioa beteko du abuztuaren 31n, Aralar-Mendi kultur elkarteak antolatuta. Urtero bezala, Sakanako herrira joaten direnek izanen dute latxa ardiaren haragia eta gasna edo Nafarroako ardoa erosteko eta dastatzeko aukerarik. Halere, egun honetako plater nagusia, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera Geinberako zelaian eginen den Artzain Zakur lehiaketa izanen da. Nafarroako txapelketa ofiziala izaten da Uharte-Arakilgoa eta Euskal Herriko eta herrialde arteko txapelketara sailkatzeko baliagarria.
Gasna lehiaketa eta enkantea
Dena den, ekitaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira aurreskuarekin. Ondotik, Nafarroako ardi-latxaren gasna lehiaketa eginen da. 27garren edizioa beteko du txapelketa honek. Gasna erdi irabazlearen enkantea ere eginen da eta jendeak dastatzeko eta erosteko aukera izanen du ferian.
Ile-mozte mekaniko eta ardi-haragi gisatu lehiaketak
Segidan, ardien ile-mozte mekanikoko Nafarroako txapelketa jokatuko da, baita euskal artzain zakurren erakusketa ere. Eguerdian, ardi haragi gisatuaren lehiaketa eginen da eta Nafarroako ardoen dastatzea. Uharte-Arakilgo frontoian eginen den herri bazkariaren ondotik, arratsaldean eginen da artzain zakur lehiaketa.