Irailaren 4an hasiko da basurde eta orkatzak ehizatzeko aurtengo denboraldia. Basurdeak 2009ko otsailaren 28a bitarte ehizatu ahal izanen dira, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, beti ere, guttienez lau ehiztarik parte hartzen badute. Orkatzak harrapatzeko baimena, berriz, abenduaren 28an bukatuko da. Ehiztariek barruti bakoitzean zehaztutako kupoak errespetatu beharko dituzte. Gisa berean, aipatu, Ehiza Antolatzeko Planek (POC) baimendutako eta ehizaldian ez harrapatutako animaliak zelatan ehizatu ahal izanen direla heldu den urteko maiatzean eta ekainean. Oreinak eta adarzabalak horretarako baimendutako lekuetan bakarrik ehizatu ahal izanen dira, eta hauek ere ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan. Urriaren 12tik 2009ko urtarrilaren 18ra bitarte ehizaldietan, eta irailaren 14tik urriaren 5era zelatan. Horrez gain, irailaren 4tik aitzinera, azeriak ehizatzeko baimena ere zabalik egonen da, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan. Heldu den urteko otsailaren 28a bukatuko da sasoia. Gordelekuetan itxaronez ehizatzeko modalitatea, berriz, azaroaren 1ean zabalduko da.
Migratzaileen ehiza urrian hasiko da
Urriaren 1ean postu finkotik egin daitekeen migratzaileen ehiza denboraldia hasiko da, eta pagauso, haitz-uso eta txoloma, usapal edo ttorttoil turkiar eta birigarro, garraztarro, durdula eta birigarro ttikiak ehizatu ahal izanen dira. Ehiza postu bakoitzean hiru lagun egoten ahal izanen dira gehienez, bakoitza eskopeta banarekin. Abenduaren 8a bitarte luzatuko da baimena. Oilagorren ehiza, zakurrarekin eta basoetan, urriaren 12an hasiko da eta urtarrilaren 31 arte iraunen du, eguneko hiru aleko mugarekin. Gainerakoan, erran, azaroaren 1etik urtarrilaren 25era iraunen duen debekualdi orokorraren barne, eper gorriak eta erbiak igandetan eta barruti bakoitzak ezarritako jaiegunetan ehizatu ahal izanen direla; untxia ortzegun, igande eta jaiegunetan; uretakoak, azeria, usoak eta birigarroak, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan eta faisaiak igande eta jaiegunetan.
Ehiza-debekualdi erdia irailaren 14a bitarte
Abuztuaren 15az geroztik zabalik egon ondotik, irailaren 14an bukatuko da ehiza-debekualdi erdia deiturikoa. Bitartean, galeperrak, ttorttoilak edo usapalak (arruntak eta turkiarrak), etxeko uso basatiak, azeriak, mikak, bele ttikiak eta beleak ehizatzeko baimena egonen da, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan. Aipatzekoa da, sasoi honetan mugak ezarri direla galeper eta usapal arruntak ehizatzeko: hamar galeper ehiztari eta egun bakoitzeko, eta bi usapal ehiztari eta eguneko.