Aurten 45 urte beteko ditu Sarako kontrabandisten lasterketak

ttipi-ttapa 2008ko abuztuaren 21a

Fernando Etxegaraik eta Patxi Iratzokik lehenbiziko kilometrotik ihes egin zuten iazko lasterketan. TTIPI TTAPA

Igandean, abuztuaren 24an izanen da, 17:00etatik aitzinera

Igande honetan, abuztuaren 24an eginen da kontrabandisten lasterketa Saran. Pixkanaka-pixkanaka mende erdira hurbiltzen ari da, aurtengoa berrogeita bosgarrena izanen baita. 18 herrik parte hartuko dute, bakoitzak bi ordezkarirekin. Abiatzea arratsaldeko 17:00etan eginen da Sarako plazatik.

Lehen kilometro terdian zakua bizkarrean

Lehen kilometro eta erdian, gizonek 8 kiloko zakua eraman beharko dute, eta emakumeek 4 kilokoa. Zazpi Fagoetako itzulia egin ondotik, berriz hartu beharko dute Aldunzaharreko parean. Lasterketak 9 kilometro ditu, eta parte-hartzaileek nahitaez lehengo moduan jantzi beharko dute. Azkeneko bi urteetan Fernando Etxegarai beratarrak irabazi du eta 2006an gainera, probako errekorra ezarri zuen, 38 minutu eta 36 segundoko denborarekin. Garaipena eskuratu zuen azken saratarra Ramuntxo Lamothe izan zen orain dela 3 urte. Orduan bere bosgarren garaipena izan zen eta Ramuntxo da Sarako lasterketa gehienetan irabazi duen korrikalaria. Lau garaipen dituzte Irungo Ricardo Torok eta Ezpeletako Gabi Etxart-ek eta hiruna dituzte Fernando Etxegarai beratarrak, Mixel Larzabal saratarrak eta Barraka lesakarrak.

39 aldiz parte hartuak

Aipagarria da Michel Lartigauk eta Ricardo Torok 39 aldiz parte hartu dutela Sarako Kontrabandisten lasterketa honetan. Iaz, Fernando Etxegarairen gibeletik, Patxi Irazoki igantziarra eta Iñigo Lasaga etxalartarra sailkatu ziren.

1961eko lehen edizioan 25 kiloko zakua

Erran beharrik ez da ikusle aunitz biltzen direla proba berezi hau ikustera. 1961ean, lehenbiziko edizioan, partehartzaileek 25 kiloko zakua eraman zuten eta Urruñako Louis Belhart nagusitu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun