Irailaren 11tik aitzinera Europan indarrean ezarriko den araudiaren arabera, autobus eta kamioi gidariek, dagokien gida-baimenaz gain, gaitasun profesionala erakusten duen ziurtagiria ere izan beharko dute. Alde horretatik, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiak, ziurtagiri hori eskuratzeko formakuntza emateko baimena eman die lehenbiziko zentruei. Hiru horietako bat Donezteben, Elizondon eta Lesakan bulegoak dituen Elkar autoeskola da.
Formakuntza bi zatitan
Ziurtagiri berria derrigorrezkoa izanen da autobusen gida-baimena 2008ko irailaren 11ren ondotik lortzen duten autobus gidarientzat eta kamioien kasuan, 2009ko irailaren 11ren ondotik karneta eskuratzen duten gidarientzat. Derrigorrezko formakuntza bi zatitan banatuko da: lehenbizikoa oraindik gida-baimenik ez dutenei zuzendua dago eta 280 orduko ikastaroa izanen da, baimendutako zentro batean eta ondotik eginen den azterketa gainditu beharko da. Halere, ikastaroa 140 ordutan emateko aukera ere eskainiko da. Bigarren zatia, bortz urtetin behin egiten den karnetaren berritzean, ezagupenen birziklatzera eta eguneratzera bideratuko da. Horretarako 35 orduko ikastaroa egin beharko da eta 5 urtero errepikatu beharko da. Hori bai, lehendik karneta dutenek ez dute azterketarik gainditu beharrik izanen.
Banaz bertze, hasierako formakuntza hau 200 bat autobus gidarik eta 700 garraiolarik egin beharko dute urtero Nafarroan.