Internet bidez eskuratu daitezkeen sendagaiekin kontuz ibiltzeko erran du Osasun Departamentuak

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 20a

%60a faltsuak direla jakinarazi dute adituek

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, "sendagaiak Internet bidez eta kontrolik gabe saltzea osasun publikoko arazoa da, eta egiazko arriskua gaixoentzat". Esaldi horixe erabili dute abiapuntu gisa, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko hiru adituk. Hain zuzen ere, Internet bidez sendagaiak eskuratu eta kontsumitzea arriskutsua izan daitekeela jakinarazi dute. Gainera, osasunari buruzko webguneetan eskaintzen duten informazioaren fidagarritasunari buruz ere mintzatu dira.

“%60a faltsuak dira”

Ana Viñuales Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuko Farmazia ikuskatzaileak ekitaldiaren aurkezpenean adierazi zuenez, Espainian debekatuta dago medikuaren agindua behar duten sendagaiak Internet bidez saltzea. Gaineratu duenez, "Sendagai Seguruak Eskuratzeko Europar Elkargoaren arabera, sarean saltzen diren sendagaien %60 faltsuak dira". Espainian, aipaturiko debekua gorabehera, badago Internet bidez saltzen den sendagairik, eta "herrialde guztietan sarean saltzen diren sendagai gehienek bizimoduarekin dute zerikusia: zutitzearen disfuntzioa, gizentasuna, tabakismoa, loaren nahastea, edo kirol errendimendua - muskulu masa".

Gero eta gehiago

Felix Zubiri Lehen Mailako Artapeneko sendagile eta Lehen Mailako Artapeneko Sendagileen Nafarroako Elkarteko presidentearen iritziz, gero eta gehiago dira Internet bidez sendagaiak eskuratu eta kontsumitzen dituztenak; izan ere, eskaintza esku-eskura dago eta erabiltzaileen psikologia aldatu egin da. Orain, bizkorrago bizi dira eta ohitura kontsumistak dituzte, bizimoduaren arlo guztietan, osasuna barne. Horregatik, ongizatea eskuratu nahi dute, "kosta ahala kosta".

“Sendagaiak ez dira kontsumoko ondasunak”

Cristina Agudo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zerbitzuen buruak gogorarazi duenez, "sendagaiak funtsezkoak dira osasuntsu egoteko, eta errezeta behar izan ala ez, modu arrazionalean kontsumitu behar dira, farmazialari profesionalen kontrolpean eta euren gomendioei jarraiki. Sendagaiak ez dira kontsumoko ondasunak".

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun