Astelehena zuten hondar eguna Etxalarko bestetan. Gazteek batez ere, gogotsu esperatzen duten Asau Eguna zen, baina gazteek ez ezik, jubilatuek ere bazkaria zuten Herriko Ostatuan. Baina gazteek, erran bezala, Asau izan zuten ermitako zelaian eta gero, kalejira umoretsuan etorri ziren herriko plazara. Bazkaria ederra izan zela somatzen zitzaien. Batzuk kamuflaje jantzia aukeratu zuten, norbaitek ezagutzeko beldurrez edo, baina gehienek lotsarik gabe dantzatu eta kantatu zuten plaza inguruetan. Plazatik errekarako bidea hartu zuten, Gauerdi txarangaren laguntzaz eta presa inguruan, nahita edo nahigabe urean akautu zuten aunitzek.
Asau olinpikoa
Asau Eguna besta egun handia bada ere, aurtengoan somatu zen urte olinpikoa zela eta Txinan bezalaxe, putzura salto dotoreak ikusi ahal izan ziren:
• Bakarka, sinkronizatuak, taldeka…
Herrira bueltan, balkoietatik ura botatzen hasi ziren, baina ama batzuk, beraien seme-alaben arroparen itxura ikusita eta labadorara zer ailegatuko zen beldurrez, xaboia ere emana zioten urari, prelabadoa egiteko edo.
Igerilekutik kanpo ere, Olinpiadetako bertze kirol disziplina batzuk ere ikusi genituen Etxalarko karriketan… Halterofilia, gimnasia erritmikoa…
Himnorik ez zen aditu, baina Gauerdi txarangak musika arloa ederki osatu zuen Etxalarko Olinpiada berezi hauetan.