Fernando Etxegarai beratarra gizonezkoetan eta Maika Ariztegi iturendarra emakumezkoetan dira Euskal Herriko koxkor biltze txapeldun berriak. Abuztuaren 15ean jokatu ziren finalak Baliarrainen, Gipuzkoan. Maikarentzat zazpigarren txapela da eta Fernandorentzat bosgarrena. Bi finaletan 50 koxkor bildu behar zituzten kirolariek.
Zazpigarren txapela Maikarentzat
Emakumezkoetan, lau kirolari aritu ziren lanean Maika Ariztegirekin batera: gipuzkoar bat, Txaramako Josune Gorostidi eta bi arabar, Naihara Ferran gasteiztarra eta Legutioko Itsaso Hernandez. Iaz bezala, Maika Ariztegi nagusitu zen, eta marka ona eginda gainera. Berak zuen markarik onena, 7 minutu eta 23 segundu eta Amabirjin eguneko finalean bi segundoan hobetu zuen. Nolanahi ere, azken hiru koxkorrak ohi baino neurri estuagoan zeuden paratuta, pilotalekuaren neurriagatik. Beraz, 7 minutu eta 21 segundu behar izan zituen Maikak; 7 minutu eta 44 segundu Josune Gorostidik, 7 minutu eta 51 segundu Naihara Ferranek eta 8 minutu eta 54 segundu Itsaso Hernandezek. Iaz, 7 minutu eta 28 minutu behar izan zituen Ariztegik lanak bukatzeko, aurten baino 5 segundu gehiago. Soilik huts-egite bat egin zuen Iturengo kirolariak eta iaz lau.
Bosgarrena Fernandorentzat
Gizonezkoetan, Fernando Etxegaraik ez zuen iaz parte hartzerik izan mendiko lasteketetan ere aritzen delako, baina aurten berriro aritu da, eta baita txapela nagusitasunez jantzi ere; bosgarrena. Zazpi kirolari lehiatu ziren, bi txandatan banatuta. Aurrenekoan, Alfonso Alvarez de Eulate arabarra, Mendaroko Jon Larrañaga, Baliarraingo Eneko Garmendia eta Berriozarko Josu Jimenez aritu ziren. Josu Jimenezek egin zuen denborarik onena, 6 minutu eta 21 segundu.
6 minutu eta 18 segundu
Bigarren txandan, beraz, denbora hori hobetu behar zuen Fernando Etxegaraik, berriz ere txapela janzteko. Berakoarekin batera, Raul Bilbao bizkaitarra eta Alberto Ibañez arabarra lehiatu ziren. Denborarik onena Etxegaraik egin zuen eta hiru segundurengatik, Josu Jimenezena ere hobetu zuen. Beraz, 6 minutu eta 18 segundu behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko. Beraz, Josu Jimenez izan zen bigarren eta Eneko Garmendia hirugarren. Halere, aipatzekoa da zazpi finalistek 7 minutu baino guttiagoan egin zituztela lanak.