Abuztuaren 14an, ortzegun arratsean hasi ziren Etxalarko Andre Mari bestak. Aitzinetik, agerraldi ixila egin zen, “Euskal presoak Euskal Herrirat” lemapean. Segidan, herriko, Nafarroako eta Euskal Herriko ikurrak zintzilikatu zituzten Herriko Etxeko balkoian eta segidan txupinazoaren txanda izan zen. Aurtengoan, Iñigo Lasaga eta Jabier Galarregi herri kirolariek izan zuten lehen suzizia pizteko ohorea. Iñigo, mendi lasterketetan punta-puntako korrikalaria da eta koxkor biltzen eta bertzelako modalitatetan ere ederki moldatzen da. Jabier, herri kirolean ibiltzen da gehien bat, orga eramaten edo txingetan, batez ere. Aurten, Nafarroako txinga eramate txapelketan azpitxapeldun izan zen. Kontuak kontu, Iñigo Lasagaren solasen ondotik, lehen suziria aireratu zen Etxalarko bestei hasiera emanez. Gustora zeuden bi kirolariak ohore honekin.
Euria ez da oztopo izan besta egiteko
Herriko Etxeko balkoitik goxokiak botatzen ari ziren eta bien bitartean karrikan lanean hasiak ziren Gauerdi txaranga eta trikitilariak eta panderojoleak.
Patxiku Irisarri alkatea gustora zegoen besten hasiera horretan, eta besta egiterakoan ere herritarrentzat adibide izan nahiko lukeela erran zigun.
Txanpaina barra-barra zebilen, erraldoiak eta buruhandiak ere lanean hasi ziren, txistularien laguntzaz. Trikitilari eta panderojoleak ere harat-honatean zebiltzan. Besta hasteko osagarri guziekin batera, ezusteko gonbidatua ere izan zen Etxalarren, euria.
Halere, etxalartarrek garbi zeukaten euria ez zela oztopo izanen bestak behar bezala ospatzeko.
Baina batzuk besta egiteko, bertze batzuk lana egin behar izaten dute, gogotik gainera. Joxe Angel Goienetxe albinteak aipatu zigunez, goizeko garbitasuna izaten da lanik handiena.
Trikitilari gaztetxoak ere topatu genituen, beraien itzulia akautu ondotik. Joseba aurkezleak bertzelakoa erranagatik, garbi dago ez zirela beraiek euriaren errudunak…
Bien bitartean, gazteak bezpera arratseko herri afaria antolatzen ari ziren. 210 lagun espero zituzten eta lanean buru-belarri topatu genituen Maite Olaetxea eta Estitxu Aizpuru.
Beraz, herri afariarekin eta afalondore umoretsuarekin eta Modesto akordeolariaren musikarekin akautu ziren bezperako ospakizunak.
Andre Mari egunean, dantzak mezaren ondotik…
Ortziralean, bestetako egun handia izan zuten Etxalarren, Andre Mari eguna.
Urteeroko ohiturari eutsiz, Meza Nagusiaren ondotik, herriko dantzariek, hasi ttikienetatik eta helduak arte, beraien emanaldia eskaini zuten. Euriaren ondorioz, plazatik frontoiko estalpearen babesa bilatu behar izan zuten dantzariek eta beraiekin batera, ikusleek ere. Halere, dantzaldi ederra eskaini zuten: zinta dantza, El Ziego, Bettelu, Zortzinako eta bertze zenbait dantza egin ondotik, gurasoan eta bertze ikusleen partehartzea bilatu zuten Txapeloa dantzarekin. Dantzariak gustora zeuden bere saioarekin.
Emanaldiaren ondotik, etxalartar guziak beraien etxeetan bildu ziren, egun handirako bazkari handia izaten baita gehienean.
…eta herri kirolak arratsaldean
Emanaldiaren ondotik, etxalartar guziak beraien etxeetan bildu ziren, egun handirako bazkari handia izaten baita gehienean.
Bazkalondoan, herri kirol saio ikusgarria antolatua zegoen frontoian eta egia errateko, ikusmina piztu zuen etxalartarren artean ere.
Harrijasotzen Unai Bertiz sunbildarra aritu zen, aurtengo Nafarroako txapelduna. Lehenik, 12 altxaldi eman zizkion 113 kiloko zilindro zaharrari.
Segidan, momentuko bi aizkolari gazte onenetakoen txanda izan zen. Oihan Larretxea beratarra eta Ander Erasun aurtiztarra nor baino nor aritu ziren proba ezberdinetan. Lehenbizikoan, 45 ontzako enborra zeinek kolpe guttiagoan mozten, Larretxea nagusitu zen. 62 aizkorakada behar izan zituen Oihanek eta 11 gehiago, 73, Erasunek.
Berriz ere Unai Bertiz harrijasotzaileak hartu zuen txanda eta 125 kiloko harri kubikoari 10 jasoaldi eman zizkion minutu terdian.
Aizkolari gazteak berriz ere lanean aritu ziren, zutikako enborra mozten. Oraingoan Ander Erasun Larretxea baino bizkorrago ibili zen.
Ander Arbenoitz, lasto botatzen
Gero, Ander Arbenoitz lasto botatzailearen txanda izan zen. Inguru honetan lasto altxatzea ezagun egiten zaigu, batez ere Igantziko kirolariek egiten duten lanarengatik, baina beharbada lasto botatzearena kirol ezezagunagoa da. Lasto fardoa sardearekin hartu eta, Olinpiadetako altuera edo pertika jauzian bezalaxe, listoia gainditzea da kirol honen xedea. Arbenoitz bikain ibili zen bi txandatan, pixkanaka pixkanaka listoia altxatuz. Euskal Herriko txapelketan bigarren izan zen 5 metro eta 40 zentimetroko markarekin. Etxalarren marka hori ederki gainditu zuen eta 6 metroraino ailegatu zen. Aspaldian ez omen zuen marka hori gainditu eta behar bada etxalartarren animoek indarra eman zioten bere eginahalean, Kontua da Arbenoitzek ezin izan zuela goitiago egin, hori baitzen azkeneko koxka.
Ander Erasun abiadurako proban ere nagusi izan zen eta minutu eta 31segunduan bukatu zuen bere lana.
Segidan, Unai Bertizk 100 kiloko harri kopari 26 jasoaldi eman zizkion.
Aizkolariendako lan luzearen txanda etorri zen azkenik, 45 ontzako seina enbor moztu behar izan zituzten eta hemen ere Ander Erasun nagusitu zen, 15 minutu eta 25 segunduko denborarekin. Oihanek ere lan polita egin zuen, baina azken bi urtetan gazte mailako Euskal Herriko txapelketa irabazi du Anderrek eta sasoi onean dagoela erakutsi zuen Etxalarren ere.
Orga jokoan, Mikel Pikabea aritu zen lehenik eta 6 itzuli eman zituen.
Gero, Etxalarko jabier Galarregiren txanda izan zen eta lau itzuli pasaxeak eman zituen. Segidan, Nafarroako azpitxapelduna aritu zen lanean, Igor Lasaga beratarrarena eta ordura arteko marka onena doi-doi gainditu zuen, 6 itzuli eta laurden eman baitzituen. Baina parte hartzen azkena, Nafarroako txapelduna, Joseba Petrirena beratarra zen eta honek ez zuen hutsik egin, orga Igorrek utzi zuen lekuan hartu eta zortzi itzuli terdi eman baitzituen, ikusleen txalo artean.
Kirolarien ondotik, bertsolarien txanda ailegatu zen. Xebastian Lizaso eta Xabier Silveirarekin batera, Ioar Tainta lesakar gaztea aritu zen. Silveira erran zuenez, gustora zegoen Etxalarren, ederra eta piztiarekin batera.
Saio polita eskaini zuten hiru bertsolariek, Andre Mari eguneko arratsaldea goxatuz.