Sunbillako bestak azken txanpan sartuak dira

Goizalde URDANPILLETA 2008ko abuztuaren 14a

Proba irrigarriak gainditu behar izan zituzten Sunbillako gazteek. TTIPI TTAPA

Asteazkenean gazteek bere ginkana egin zuten eta ortzegun goizean krosa

Asteazkenean, abuztuaren 13an, peñen eguna ospatu zen Sunbillako San Tiburtzio besten barne. Eguna asteartean moduan gris eta iluna iretzarri zen eta itxura guztien arabera, euriak mehatxu eginen zuen. Goizean goiz hainbat ekitaldi antolatuak ziren, baina gu koadrilen arteko jokoetara hurbildu ginen. Eguerdiko 13etan hitzordua paratua zuten igerileku ondoko belagi batean, baina tenore horretan soilik 10 lagun inguru bertaratu ziren. Nahiko etsituta zeuden eta bertan behera uzteko komentarioak ere atera ziren. Baina pena zen eguna soilik bazkari baten ingurura mugatzea eta zertxobait esperatzea erabaki zuten. Eguerdiko 13:30rako jende mordoxka bat elkartu zen, 20 lagun inguru eta lehen bai lehen hastea pentsatu zuten euriak mehatxu egiten bai zuten.

Lau taldetan banatuak

Lau taldetan banatu ziren, baina ez zuten bertze urteetakoa egin, alegia, bertze urteetan koadrilka egiten dituzte jokoak, baina aurten erabat nahasiak joan ziren eta horrela, denek denen aurka jokatzean aunitzez ere animatua egon zen.
Lehenengo jokoan arroltzeak jaurti behar zituzten, baina ez nolanahi. Taldekideak alde batean jarri eta parean beste bat gainean pitzer bat zuela. Kontua da jaurtitzen zutenek asmatu behar zutela eta arroltzeak pitzerran sartu. Denetara 12 arroltze bota zituzten eta nahiko fin ibili ziren talde gehienak. Batzuk 10 sartu zituzten, besteek 6…Denetik egin zuten, baina gehienbat ongi pasa zuten. Irabazlea arroltze gehien sartzen zuena zen, baina ez galdetu nor izan zen.
Ondotik, bigarren jokoari ekin zioten. Oraingo honetan galtzerdiak eta laranjak erabili zituzten. Nola eta zertarako? Gerrian galtzerdia lotu zuten eta honen barruko aldean laranja bat sartu zuten. Lurrean aldiz bertze laranja bat zuten eta hau mugitu behar zuten galtzerdi barruko laranja erabiliz. Gerrontzia eta gainerakoak mugitu zitezkeen, baina sekula ez eskuak edo oinak. Horretan zatzan kontua eta umore punttua ere hortik etorri zen. Tenore horretan iritsi zen txaranga jokoak egiten ari ziren gunera. Zehazki, Impresentables txarangak alaitu zituen gazteek prestatutako jokoak.
Hirugarren frogan erratza kiderrak jarri zituzten belaian etzanda. Taldeetako partaideak distantzi batera paratu ziren eta behin makilara iritsita hartu eta kopetan jarrita 3 itzuli eman behar zituzten. Behin hori eginda, parean zuten mahaira joan eta bertan prestatuak zeuden edalontzietatik edan behar zuten. Txupitozko edalontzi txikiak ziren, baina nahiko lan zuten gazteek bezperako bestondoak bere errestoak utziak bai zituen eta alkohola ez bai zen sartzen. Hala, ardoa, garagardoa eta aukeran muztioa jarri zuten eta harrigarria dirudien arren, lehen akitu zena muztioa izan zen. Ziur ez dela hori gertatzen eguneko ordu txikietan…Berriz era makila hartu eta bertze 3 itzuli egin taldekideak zeuden tokira iritsi bitarte. Hala, batek amaitzen zuenean beste bat hasten zen, taldeko partaide guztiek egin arte. Berdinketa izan zenez, berdinketa haustea pentsatu zuten. Hala, 2 taldek errepikatu egin zuten. Baina hemen tranpa txiki bat egin zuten antolatzaileek nolabait errateko, azken partaideei basokada bat edan beharrean hiru edatea tokatu zitzaien eta batere kexarik egin gabe, tira barrenera!
Laugarren froga ere hagitz dibertigarria izan zen, mimika. Taldeko partaide batek keinuak egin behar zituen. Horretarako poltsa batetik papera bat hartu eta bertan agertzen zen ze pertsonai idurikatu behar zuen. Uste baino lan zailagoa izan zuten taldeek. Lehen taldeari bi pertsonai egokitu zitzaizkion: Margarita Seis Dedos eta Heidi. A ze parea!. Bigarren taldekoak Tamara eta Carlos Sastre izan ziren. Hemen pista franko eman zituen mimika egiten ari zenak, baina ez zitzaien batere erraz suertatu eta ez zuten asmatu. Erran behar minutu bateko denbora zutela asmatzeko eta batzuk 10 segundotan egiten bazuten ere, besteek ezta minutua pasatuta ere… Hirugarren taldeari egokitutako pertsonaiak Doraemon eta Pantoja de Puerto Rico izan ziren. Han ginela kontuan izanda, zail egiten zitzaidan ulertzea pista horiekin nola asmatu zuten! Laugarrenek Bob Marley eta Egpto zituzten eta biak ere azkar batean atera ziren eta azkenik, bosgarrenek, Jesus Vazquez eta Fernando Alonso.
Azken froga aulki dantza izan zen. Hori bai, aulkiak beharrean, botila kaxak erabili zituzten, horietako franko prestatu bai zituzten. Txaranga lagun izan zuten eta musika doinuak geratzean, gainean jarri behar ziren. Nahiko joko erraza ulertu eta egiteko. Batzutan parte hartzaileek tranpa txiki batzuk egin zituzten eta justuan jarri behar zirenean aldamenekoak kaxa kendu eta lurrera erortzen ziren, bertze batera jotzeko astirik izan gabe. Batzuk bestondo ederra zuten, besten azken txanpan bai zeuden eta larunbatetik…aunitz egun dira eta hortaz, nahiko lan zuten dantza eta itzulika aritzeko. Haurrek bezala egiten zuten, kaxen aldamenean aritu eta ihes egin ez zezan ziurtatzeko. Baina txarangakoak ere trebeak ziren eta buelta ematea lortzen zuten.

Ortzegun goizean krosa

Ortzegunean, abuztuaren 14an, Sunbillako besten azken eguna ospatu da. Eguraldiak ez du bertze egun batez ere bere aurpegirik hoberena erakutsi, baina tira, gauza guztiak borondate eta umore onarekin moldatzen dira. Lehenengo Herri Krosa antolatu da aurten eta hortaz, lehen aldia izanda, antolatzaileek ere ez zekiten ongi ze nolako parte hartzea izanen zen. Baina dena dela 11ak baino lehen jende mordoxka hurbildu da plaza ingurura. Sunbilla eta inguruko herrikoak izan dira bertaratutakoak, baina ziur, espero baino gehiago izan direla. Eliz atarian egin da izen ematea eta aipatu behar da herri krosa izanda lasterkariek ez dutela inolako inskripziorik ordaindu behar izan. Behin izen ematea akaututa, lasterketarekin hasi dira.

Haurrak lehenik

Lehenak txikienak izan dira. Haur hezkuntzakoek parte hartu dute, alegia, 3,4 eta 5 urtekoek. 5 izan dira aritu direnak: Markel Leatxe, Oihan Iriarte, Koldo Herrera, Mikel Mariezkurrena eta Aritz Pikabea. Hauek karnizeri zaharra eta plaza arteko bidea egin dute. Ondotik 6, 7 eta 8 urtekoen txanda izan da. Hauek bi zubien arteko ibilbidea osatu dute. Aunitz izan dira aritu direnak: Aimar Leatxe, Julen Migeltorena, Alaitz Leatxe, Mikel Tajadura, Enaitz Iriarte, Xabier Bengoetxea, Asier Antuna, Gorka Antuna, Jon Iriarte, June Apeztegia, Aritz Bereau eta Josune Madariaga. Segidan, 9, 10 eta 11 urtekoen txanda izan da. Hauek bi zubien arteko bidea egin dute, baina zehazki 2 itzuli egin behar dituzte, proba gogorragoa izanik. Amaia Jorajuria, Eneko Herrera, Bidane Madariaga, Iñigo Etxegara, Ibai Apeztegia, Iker Espelosin, Liher Lastiri, Xabier Mariezkurrena, Unai Bereau, Ainara Antuna eta Jon Aranbillet. Haurren saioari dagokionez, azkenak, 1995-1996an jaiotakoak atera dira. Bi zubien arteko bidea egin dute, baina hirutan, hau da, 3 itzuli egin dituzte. Fermin Estanga, Janire Apeztegia, Amaia Goñi, Nagore Madariaga, Andoni Espelosin eta Maite Aranbillet izan dira parte hartzaileak.

Helduak geri

Azkenik, helduak atera dira, hau da, 1994. urtetik aurrerakoak. Hauek bestelako bidea osatu dute. Horretarako antolakuntzako laguntzaileek zenbait bide itxi eta osatu beharrekoa zehazten aritu dira inor bidean gal ez zedin. Aimar Lastiri, Jon Iriarte, Iñigo Arrieta, Gaizka Elizalde, Asier Hernandorena, Imanol Molinero, Jon Maritxalar, Felix Garcia, Aitor Apeztegia, Delia Portillo, Jon Leatxe eta Imelda Larraia izan dira parte hartu dutenak. Ibilbide polita eta azkarra izan da eta espero baino lehen iritsi da lehena helmugara. Nahiko aldea atera die beste gainerakoei Imanol Molinerok.
Ez diote lehia kutsua eman nahi izan eta hortaz, parte hartzaile gazte guztientzat diploma bana izan da eta lehen hiru helduek txanpain botila jaso dute. Era berean Ulibeltxak mendi taldeko ekipazio bat zozketatu da eta irabazlea Aimar Lastiri izan da. Horrez gain, jan edatekoak banatu dira eliz atarian eta jendeak ederki eskertu ditu fruitu idorrak edota txorizo eta kamon yorkez egindako bokatak, ura edo akuario edariaz bustiak. Aski kontent zeuden antolatzaileak eta ziur heldu den urterako gauza berriak sartzen dituztela, arrakasta ikusirik hagitz kontent geratu bai dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun