Beñat Txoperena, Caja Rural taldeko igantziarrak, jubenil mailako txirrindulariei zuzendutako XII. Sunbillako Udala saria irabazi zuen asteartean, abuztuaren 12an. Goizeko 10etan 70 txirrindulari abiatu ziren, 67 kilometroko ibilbidea osatzeko. Erran bezala, guzien artean Beñat Txoperena igantziarra nagusitu zen. Caja Rural taldeko txirrindulariak ordubete, 41 minutu eta 47 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, bigarren izan zen Bruesa taldeko Ibai Daboz txirrindulariak baino 16 segundu guttiago. Ondotik sailkatu ziren Gabon Gamio (Bi-Lux), Beñat Mendia (Lan Mibel), Mikel Elorza (Lan Mobel), Iñaki Santamaria (Ibarrola), Iker Puga (Bruesa), Javier Atxa (Ibarrola) eta Iker Bilbao (Bruesa).
Mendi bizikletatik errepidekora
Aipatzekoa da duela sei hilabete hasi zela Beñat Txoperena errepideko bizikletan konpetitzen, mendi bizikletan junior mailan Nafarroako txapela irabazi eta segidan, hain zuzen. Ustekabean Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen eta orain, igandean, abuztuaren 17an, Villatuertako proban parte hartuko du.
Profesionalen arteko pilota partiduak
Pilota profesionalak ere bere tartea izan zuen Sunbillako bestetan. Lehen partidan, Iñaki Larralde lesakarrak eta Unai Apeztegia aurtiztarrak 22 eta eta 17 irabazi zieten Jon Apezetxea goizuetarrari eta eta Arrutiri. Partida nagusian, berriz, Mikel Goñi oronoztarrak eta Goñi III.ak 10 eta 22 galdu zuten Mikel Olazabal aresoarra eta Abel Barriola leitzarraren kontra.