Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak abuztuaren 12an jakinarazi duenez, hiltegietara behi, ardi eta ahuntz aziendak eramaten dituztenek “albaitariaren ziurtagiria” beharko dute berriz ere. Horrela jakinarazi die eskualdeko bulegoei eta nekazarien sindikatuei. Izan ere, joan den urteko urriaren 5ean Espainiako Presidentzia Ministerioak bertan behera utzi zuen “albaitari ziurtagiri” hori, baina orain Audientzia Nazionalak zuhurtziaz indargabe utzi du agindu hori.
Agiriak Nekazaritza Bulegoetan eskuragarri
Beraz, gizakiaren kontsumorako bideratua dauden behi, ardi eta ahuntz aziendak hiltegietara eramateko berriz ere derrigorrezkoak direnez, agiri hauek Nafarroako Gobernuko nekazaritza bulegoetan eskura daitezke. Abeltzainek informazio gehiago eskuratzen ahal dute Elizondoko nekazaritza bulegoan, 948 581806 telefonoan edo Doneztebeko nekazaritza bulegoan, 948 456006 telefonoan.
Nekazaritza ziurtagiria
Nekazaritza ziurtagiria, behi eroen lehenbiziko kasuak gertatu zirenean indarrean ezarri zen. Hiltegira eraman baino lehen bi agiri bete behar zituzten abeltzainek. Neurri hau Espainian bakarrik ezarri zen eta honen aurka nekazaritza sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak berak protesta egin zuten, abeltzainentzat gastu gehiago bai, baina kontsumorako garantia gehiagorik ez zekarrela adieraziz. Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zuen ziurtagiria, baina Espainiako Albaitari Kolegioen Kontseilu Orokorrak errekurtsoa ezarri zuen. Honela, orain, Audientzia Nazionalak zuhurtziaz indargabe utzi du agindu hori.
Beraz, Nafarroan behiek eta bertze azienda hausnarkariek hainbat kontrol pasatzen badituzte ere, abeltzainek berriz ere albaitari ziurtagiri hori bete beharko dute.