Haurrak izan ziren protagonista Sunbillako Santiburtzio bestetako asteartean

Goizalde URDANPILLETA 2008ko abuztuaren 13a

Nahiko lan izan zuten Sunbillako haurrek eltzeitsuak hausten. TTIPI TTAPA

Asteartean, abuztuaren 12an haurren eguna ospatu zen Sunbillako San Tiburtzio besten barne. Gaua epeletik joan zen eta egunsentia ere zoragarria izan zen, haize hegoarekin. Baina orduak pasa ahala, aroak txarrera egin zuen eta goizeko urdin eta gorriak beltz bihurtu ziren. Goizeko 11:30ean haur jokoak prest zituzten, baina arazo handia zuten antolatzaileek, alegia, non egin. Tenore horretan berean pilota txapelketako finalak jokatzen ari ziren frontoian eta hortaz, estalitako gune bakarra beteta zegoen. Buruari eragin eta eragin, baina irtenbidea ez zen batere erraza gertatu. Hala, plazan hasi ziren lehen jokoak prestatzen. Lehenik haurrei globo erraldoi bat lotu zieten eta batzuk besteei globoa lehertu behar zieten. Laster ederrak egin zituzten plaza guztian zehar eta gurasoek ere parte hartu zuten. Baina eguraldiak tenore horretan barealditxoa erakutsi bazuen ere, bat-batean jauntsala hasi zuen. Harat eta honat begira hasi eta azkenean, kioskora eramatea pentsatu zuten. Hura ere bustia zegoen, baina ez zen beste erremediorik geratzen. Nahiko zola ona izanda ere, haur bat baino gehiago irrist eginda lurrera joan zen. Jokoekin jarraituz, hain tipikoa eta polita den aulki dantzarekin jarraitu zuten. Bi taldeetan banatu zituzten adinaren arabera. Ondotik, kutxara bat hartu eta gainean arroltze egosia jarri zuten. Taldeetan banatu zituzten haur guztiak eta hauek eszenatokiaren bi aldeetan jarri ziren batzuk besteei arroltzea pasatuz, hori bai, eskuekin ukitu gabe. Jarraian, berriz ere taula gainetik jaitsi eta plazara jo zuten. Bertan plater batzuk jarri zituzten aulki baten gainean eta plater hauen barrenean irina eta 10 zentimo. eltxetxu bat jo behar zuten eta hautsi ezkero, barrukoa hausten zuenarentzako. Hau ere erabat klasikoa da, baina ikusi behar zenuten zer nolako ilara osatu zuten. Lehenik 3 jarri zituzten, baina arazoak suertatu ziren elkar ez bai zuten ikusten eta jotzeko arriskua zegoen. Hala, banaka-banaka egitea erabaki zuten. Hori bai, hainbat saiakera eginda ez bazuten botatzen, beste bati pasatzen zioten txanda, eta egia errateko, erraza iduri zuen arren, ez zen hala gertatu, hainbatek huts egin bai zuten.

Pilota txapelketako finalak

Haurrak plazan utzi eta frontoira jo genuen hantxe jokatzen ari bai ziren Sunbillako IV. Pilota txapelketako finala. Partida aski interesgarri eta lehiatuak ikus ahal izan. Garaipena azken tantoetan erabaki zen eta harrobi sendoa dagoela erakutsi zuten gazte hauek.

haur parkea eta karaokea

Haur parkea jarri zuten plazan, nahiz eta puzgarriak kendu eta jarri aritu ziren eguraldi kaxkarra tarteko. Plazan kokatutako kioskoan karaokea egiteko aukera izan zuten eta haurrek ederki pasa zuten. Eliza atarian zenbait jostagarri jarri zituzten, ateri bai zen. Bitartean trikitixa jaialdia egin zen eliz atarian.
Berriz ere parkera jo genuen. Hantxe zegoen neska multzo bat telebista pantailara begira “Lau teilatu” kantatzeko prest. Bertzeak, berriz, zer kantatu hautatzen ari ziren, izan ere Karaokea baitzuten. Ateri zen eta unea aprobetxatuz, txirrindua antzekoak eta puzgarriak jarri zituzten. Nahiko lan izan zuten asteartean puzten eta hustutzen. Sunbillan ere haur multzoa bildu zen eta pazientziarekin lerroan egon zen txanda noiz iritsiko zain. Oinetakoak kendu eta tira! Salto egiteko prest.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun