Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan ere zenbait egunez moztuko da N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Endarlatsan, asteartean eta asteazkenean
Endarlatsa inguruan, Nafarroako aldean, errepidea erabat moztu da asteartean, abuztuaren 12an, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, 69,750 eta 70,150 kilometroen artean. Asteazkenean ere, abuztuaren 13an, erabat moztuko da errepidea 12etatik 14etara, Gipuzkoa aldean, 72,150 eta 72,750 kilometroen artean.
Etxalar eta Berrizaun inguruan
Modu berean, astearte eta asteazkenean, Berrizaun inguruko 57 eta 59 kilometroen artean eginen diren leherketak direla eta, 20 minutuko mozketak izaten ahal dira. Etxalarko zatian, asteartean eta asteazkenean tarteka moztuko da bidea eguerdiko 12etatik aitzinera.
Baztanen ere eragozpenak
Mugairi inguruan, dilatazio-junturan egin beharreko moldaketa lanak direla eta, astelehen, astearte eta asteazkenean Oronoz-Mugairiko herrigunetik bideratzen ari dira trafikoa.
Aipatzekoa da N-121B errepidean ere, Arraiozen, 45. kilometroan egiten ari diren errotonda baten lanengatik, lan orduetan txandakako bidea emanen dute.
Txandakako pasabidea
Egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.