Astelehenean, abuztuaren 11an San Tiburtzio eguna ospatu zen Sunbillako besten barne, egun handia. Asteburua karga karga eginda joan zen eta hala, ikuskizunak aunitz eta hagitz bariatuak izan ziren. Astelehena aunitzez ere egun serioagoa izan zen. Lehenik, goizeko 11ak baino lehen udaletxe eta eliza arteko bidea egin zuten udal agintari eta dantzariek, gaitari, txistulari, eta erraldoiak lagun zituztela. Oso ekitaldi polita suertatu zen eta ohartu ginen geroz eta protagonismo handiagoa hartzen ari direla erraldoiak, egindako lanaren erakusle. Bandera eramaten herriko zinegotzi gazteena joan zen, tradizioak hala agintzen baitu eta herriko makila eskuan zuela ere joan zen Paco Errandonea alkatea. Alai eta irribartsu zihoazen eguraldiak ere horretarako bide egokia ematen bai zuen. Ibilbidea osatu eta meza entzun ahal izan zuten. Basilio Sarobe Sunbillako apezak, Jesus Goldaraz Doneztebeko apaizaren laguntza izan zuen eta meza ederra eskaini zuten. Herriko abesbatzak zenbait kanta eskaini zituzten hurbildutako guztien gozamenerako. Meza akautu orduko 12ak pasatxo ziren. Atera eta plaza arteko bidea egin zuten erraldoi eta musikariek, gibelean herriko alkate eta zinegotziak zituztela.
Erraldoiak eta dantzariak
Erraldoiek pare bat dantza ikasi dituzte besten aitzakian eta horietako bat eskaini zuten. Gainera ezin ziren kexatu, 6 gaitari eta hainbat txistulari lagun izan bai zituzten. Aurten herriko dantzariek esfortzu berezi bat egin dute eta hala, meza ondoren, soka dantza dantzatu zuten. Bezperan baino aunitzez ere talde txikiagoa zen, baina hala ere, itxura ederra zen. Bezperan dantza saio luzea egiten dute, ordu bete ingurukoa eta horretarako entsaio aunitz egiten dituzte. Hortaz, soka dantza azken unerako utzi zuten, inondik ere garrantzia kendu gabe. Ikuskizun polita eskaini zuten eta jendeak txalo zaparrada ederrarekin eskertu zuen. Goiz pasa ederra izan zen, beti ere arratsaldekoaren zain. Berriz ere herri kirolak tarte handi bat hartu behar bai zuen. Pentsa hiru egunez, hirutan modalitate edo lehia ezberdinak, ez dago batere gaizki. Seinale gustuko dituztela herri kirolak eta parte hartzen dutela antolatzen diren gauzetan
Herri kirol probak arratsaldean
Arratsaldean herri kirol saioa izan zen, erakutsiz, herrian herri kirolarenganako zaletasun handia dagoela. Arratsaldeko 18:30ean iragarrita zegoen jaialdia, baina zenbait minutu beranduago hasi zen egurra eta beharrezko materiala prestatzen ari zirelako. Aitor Ibarra “Jaliskok” aurkezle lana osatu zuen, bertaratutako guztiei, eta aunitz ziren, beharrezko xehetasun guztiak azalduz. Modu honetan, lehenik kirolari guztiak aurkeztu zituen plazara sartu ahala. Saioa 3 ataletan banatu zuten. Froga konbinatua, haurren aizkora desafioa eta aitzur txapelketa. Aurkezpenaren ondotik lehen frogarekin hasi ziren, alegia, froga konbinatua. Asteleheneko saioan froga konbinatuak 3 kirol modalitate bildu zituen: harri jasotzea, aizkora eta arpana. Lehen taldean Lesakako Iñaki Portu eta Igantziko Julen Txoperena aritu ziren arpanean, Unai Bertiz arpanean eta Xabier Ariztegi aizkoran. Bigarren taldeari dagokionez Itziar Nuñez eta Ana Lopez Lezaungo arpanlariak aritu ziren, Patxi Larretxea harrian eta Asier Bertiz aizkoran. Baina froga konbinatuari ekin baino lehen Patxi Larretxea eta Unai Bertizek harri jasotze erakustaldia egin zuten 113 kiloko harriarekin. 4 altxaldiko txandak egin zituzten 24 jasoaldi osatu arte. Ondotik hasi zen froga konbinatua. 3 modalitateak 3tan errepikatu zituzten ohi moduan. Lehia bizia izan zen bi taldeen artean, baina azkenean mutilek osatutakoak garaipena erdietsi zuen. Epaile lana osatu zuten Antton Espelosin eta Jontxu Anzizarrek.
Haurren aizkora saioa
Segidan, haurren aizkora saioa izan zen. 10 eta 13 urte artekoak ziren laurak eta gainera, denak gure eskualdekoak. Bi talde osatu zituzten. Lehenean Sunbillako Iker Espelosin eta Aurtizko Kenari Erasun aritu ziren eta bigarrenean, Sunbillako Andoni Espelosin eta Zigako Josean Etxeberria. Kirol modalitate hau familian landu eta bizitzen dela garbi erakutsi zuten astelehenean lau gaztetxoek. Iker eta Andoni Espelosin, Antton Espelosinen semeak dira, Kenari Erasun Ander Erasunen lehengusua eta Josean Etxeberria, Felix Etxeberriaren semea. Lehenek Ander Erasun izan zuten laguntzaile eta bigarrenek, Felix Etxeberria. 3 enbor ebaki behar izan zituzten eta zaletuen oihu eta animoak jaso zituzten, gehienbat beraien adinekoenak, hurbil-hurbil jarri bai ziren bertatik bertara jarraitu ahal izateko. Ez dut uste garaile edo galtzailerik bazuenik erakustaldi honek, azken finean plazara ateratzea zen helburua eta erakustea gaztetik lanean hasi behar dela kirolari fina izateko eta garrantzitsuena zaletasuna izatea dela.
Aitzurrarekin egur mozte txapelketa
Azkenik, aitzurrekin egur mozte txapelketa egin zuten. 4 bikote aurkeztu ziren: Ibarra eta Aranbillet; Ibarra eta Bertiz; Mikelarena eta Bertiz aritzekoak ziren, baina azkenean Bertiz-Bertiz izan zen bikotea, eta azkena, Agirre Bertiz.
Bikote bakoitzak 6 enbor ebaki behar zituen. Hasieratik nabarmendu ziren aldeak, bestaren ajeak bere ondorioak uzten dituela agerian geratuz. Ez zen batere lan xamurra izan, baina bikain aritu ziren zortzi parte hartzaileak.
Azkenean lan guztiak amaitzen lehena Agirre eta Bertiz bikotea izan zen 9 minutu eta 58 segundorekin. Bigarrena Bertiz-Bertiz bikotea 10 minutu eta 36 segundorekin; hirugarrena Ibarra-Bertiz 12 minutu eta 8 segundorekin eta laugarrena Ibarra-Aranbillet 14 minutu eta 6 segundorekin.
Arnasa eta atsedena hartzen zuten bitartean, eta sari banaketa baino lehen Patxi Larretxeak erakustaldia egin zuen kider bakarreko arpanarekin. Izugarrizko tresna handia da, baina ederki moldatzen dela erakutsi zuen. Ez hori bakarrik, Unai Bertiz sunbildarrak ere zenbait ebaki eman ituen eta maisuari jarraitzen diola eta aunitz ikasten ari dela nabarmendu zuen.
Kasu honetan arpana handikoak txikikoen aurka aritu ziren, alegia, Unai eta Patxi, Lezaungo trontzalarien eta Iñaki Portu eta Julen Txoperenaren aurka. Kasu honetan, 2 bikoteak suertatu ziren garaile.
Azkenean, sari banaketari ekin zioten. Antton Espelosinek banatu zizkien oroigarriak eta baita txapelak ere garaile suertatu zirenei ere.