Floren Nazabal eta Felix Etxeberriak irabazi zuten igandean, abuztuaren 10ean, Ramon Latasaren omenez Sunbillako Ulibeltzak elkarteak zazpigarren aldiz antolatutako saria. Bigarren postua Mikel Mindegia eta Arrospiderentzat izan zen eta hirugarrena Olasagasti eta Donato Larretxearentzat. Aizkolari nagusiekin batera, gazteek ere bigarren aldiz jokatu zuten saria. Kategoria honetan, Aitzol Atutxa eta Oihan Larretxea nagusitu ziren, baina zortzi segunduko aldea bertzerik ez zioten ateri Ander Erasun eta Ugaitz Mugertzari. Hirugarren postua Jon Rekondo eta Ruben Saralegirentzat izan zen. Proba ikusgarria suertatu zen igandekoa. Txandaka, nagusiak aritzen ziren lehenik eta hauek atseden hartzen zuten bitartean, gazteak.
Lan laburrak lehenik
Lehenbiziko proban, bikoteek bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bakoitzak berea.
Nazabal eta Etxeberriak minutu eta 38 segundu behar izan zuten. Larretxea eta Olasagastik 5 segundu gehiago behar izan zuten, minutu bat eta 43 segundu eta
Mindegia eta Arrospidek minutu bat eta 55 segundu.
Gazteek ere proba bera izan zuten hasteko eta lehenbiziko lan labur honetan, nagusiek baino denbora hobeagoa egin zuten Erasun eta Mugertzak, minutu eta 34 segunduan moztu baitzituzten 45 ontzako bi enborrak. Larretxea eta Atutxak minutu eta 41 segundu behar izan zuten eta Saralegi eta Rekondok, minutu eta 43 segundu.
Lehenbiziko aldeak ateratzen hasi ziren irabazleak
Segidan, nagusiek zutikako kanaerdikoa moztu behar zuten bikoteka, erdia eta erdia, eta segidan 45 ontzako moztu behar zituzten, bakoitzak berea:
Lan honetan ere Nazabal eta Etxeberria nagusitu ziren, 3 minutu eta 34 segunduko denborarekin. Mindegiak eta Arrospidek 11 segundu gehiago behar izan zituzten, 3 minutu eta 45 segundu eta Larretxeak eta dagoeneko itxura kaxkarra ematen ari zen Olasagastik 4 minutu eta 17 segundu behar izan zituzten.
Gazteek hartu zuten erreleboa eta 45 ontzako hiru enbor moztu zituzten banaka, bi txandatan banatuak. Lehenbiziko txandan Erasun izan zen bizkorrena, 3 minutu eta 49 segunduko denborarekin; Larretxeak 4 minutu juxtu behar izan zituen eta Saralegik 4 minutu eta 11 segundu.
Bigarren txandan Atutxa aisa nagusitu zen, 2 minutu eta 58 segunduko denborarekin; Mugertzak 3 minutu eta 31 segundu behar izan zituen eta Rekondok 4 minutu eta 13 segundu. Beraz, osotarra 6 minutu eta 58 segundutan egin zuten lana Larretxea eta Atutxak, 7 minutu eta 20 segunduan Erasun eta Mugerzak eta 8 minutu eta 24 segunduan Saralegi eta Rekondok.
Helduek, bere aldetik, lau kanaerdiko moztu behar izan zituzten banaka, hauek ere bi txandatan banatuak
Lehenbiziko txandan Arrospide nagusitu zen, 7 minutu eta 4 segunduko denborarekin; Etxeberriak 8 minutu eta 11 segundu behar izan zituen eta Olasagastik, kaxkar, 9 minutu eta 27 segundu. Lau enborreko lanean enbor bat oso-osoko aldea atera zion Arrospidek Olasagastiri.
Bigarren txandan denbora gehienak hobeak izan ziren: Nazabalek 5 mnutu eta 37 segunduan moztu zituen lau kanaerdikoak, Larretxeak 6 minutu eta 35 segunduan eta
Mindegiak 7 minutu eta 14 segunduan.
Osotara, Nazabal eta Etxeberria, 13 minutu eta 48 segunduan moztu zituzten zortzi kanaerdikoak; Mindegia eta Arrospidek 14 minutu et 18 segunduan eta Larretxea eta Olasagastik 16 minutu eta 2 segunduan.
Gazteen azken proban Erasun eta Mugertza garaile
Segidan, gazteen azken proba egin zen, txanda librean 4 kanaerdiko eta 45 ontzako bi enbor moztea. Txapela Larretxea eta Atutxa edo Erasun eta Mugertzarentzt izanen zela garbi zegoen ordurako. Berakoak eta bizkaitarrek 15 segunduko aldea zuten, baina lan luzean erabaki behar zen. Lan ikusgarria egin zuten hiru bikoteek: Erasun eta Mugertza izan ziren bizkorrenak, 9 minutu eta 5 segunduko denborarekin, baina 7 segunduko aldea bertzerik ez zioten ateri Larretxea eta Atutxari eta 11 segundukoa Saralegi eta Rekondori. Beraz, 8 segunduko aldearekin, gazteen txapela Larretxea eta Atutxarentzat izan zen, 17 minutu eta 51 segunduko denborarekin; bigarren postua Erasun eta Mugertzak eskuratu zuten, 17 minutu eta 59 segunduko denborarekin eta hirugarrena Saralegi eta Rekondorentzat, 19 minutu eta 23 segunduko denborarekin.
Mindegiak eta Arrospide nagusi lan luzean
Azkeneko lana nagusiek egin behar izan zuten, lan luzea, lau kanaerdiko eta 60 ontzako lau enbor moztu behar baitzituzten. Dagoeneko, txapela Nazabal eta Etxeberriarentzat izanen zela nahiko garbi zegoen, minutuko aldea ateratzen baitzioten Mindegia eta Arrospideri eta 3 minutu baini gehiagokoa Olasagasti eta Larretxeari. Azken proba hau Mindegia eta Arrospidek irabazi zuten, 12 minutu eta 30 segunduko denborarekin, baina 11 segundu bertzerik ez zieten ateri Nazabal eta Etxeberriari. Larretxea eta Olasagastik berriz ere denbora kaxkarra egin zuten, 14 minutu eta 18 segundu. Beraz, zazpigarren Ramon Latasa sariaren txapela Nazabal eta Etxeberriak jantzi zuten 31 minutu eta 41 segunduko denborarekin. Bigarren postua Mindegia eta Arrospiderentzat izan zen, 32 minutu eta 28 segunduko denborarekin eta hirugarrena Larretxea eta Olasagastik, 36 minutu eta 20 segunduko denborarekin.