Nahiz eta Sunbillako besten lehen arrastoak, larunbat arratsaldean antzeman, berez, bestetako lehenbiziko suziria igandea eguerdiko 12etan jaurti zen. Goizeko 11:30erako udaletxe ingurua dena prest zegoen. Parean dagoen aparkalekua itxi zuten erraldoiak bertan kokatu ahal izateko, eta jendeak ederki errespetatu zuen. Megafonia jarri zuten udaletxean eta hortaz, goizean goizetik besta giroa nabari zen. Baina ez zen hori nabarmendu ahal izan genuen gauza bakarra. Bezperan besta giroa gailendu zen, baita gau giroan ere eta goizean oraindik ere erretiratu gabeko jendea zegoen. Eguerdiko 12etan suziria jaurti baino lehen jendea hurbiltzen hasi zen udaletxe plazara, gainera, eguraldi eguzkitsu eta goxoa ari zuen eta horrek jendea gehiago animatu zuen. Normalki beti besten data errespetatzen da, baina asteburua aprobetxatzea ere normala izaten da eta besta atarikoak non nahi egiten dira.
Juanjo Ibarrari omenaldia
Eguerdia hurbildu ahala, geroz eta jende gehiago zegoen, bai udaletxe barrenean, bai plazan ere. 12ak punttuan zirenean Juanjo Ibarra Sunbillako albienteak bota zuen Sunbillako 2008ko bestetako lehen suziria. Lehenik bertaratutako guztiei hitz batzuk zuzendu zizkien, baina urduri zegoenez, lanari ekin zion. Ondotik Paco Errandonea alkateak jaurti zuen eta bere ondotik nahi izan zuten gainerako zinegotziek, denek ere ez bai zuten nahi izan, suzirien beldur bai ziren. Ondotik, eguneko sorpresa etorri zen. Beste zenbait herritan, Lesakaren kasu, suziria jaurti baino lehen omenaldia egiten zaio suziria bota behar duenari, baina Sunbillan ez zen halakorik gertatu. Behin botata, Margari Capdekik oparia eman zion eta hunkituta muxu pare bat eman eta zabaldu zuen. Kaiku eder bat eskaini zioten eta gainera, grabatua egun horren seinale bat betirako gorde dezan.
Herri kirolak larunbat arratsaldean
Larunbat arratsaldeko 18etan Sunbillako besten atarikoan, herri kirol desafioa izan zen herritarren artean. Arras errotua dago froga hau eta gazteek lanak partitzen dituzte lehenagotik entrenatu eta saio polita egiteko. Jende piloa elkartu zen plaza inguruan, hori bai, kanpoko aldean lekua hartu zuten, kirolariak oztopatu gabe. Lehenik neskak hasi ziren. 2 talde osatu zituzten eta batzuk talde beltza osatzen zuten eta besteek talde gorria. Modalitate ezberdinak sartu zituzten beraien lehian, baina denak ere normalki, proba konbinatuetako txapelketak egiten direnean sartzen direnak. Lehenik, koxkor biltzen aritu ziren. Koxkorrak bildu eta zaretoan sartu behar izan zituzten, hori bai, kanpora ez botatzeko kontu handia hartuz. Ondotik, txinga eramaten aritu ziren eta nonbait arina zen pisua, lasterka egin bai zuten ibilbidea. Ezarritako tartean joan etorria egin zuten. Behin hau osatuta, zaku lasterkariak atera ziren. Bakoitzak plazari buelta bat eman zion eta hala, 3 izan ziren modalitate hau egin zutenak. Ondotik, lasterkariak atera ziren ziztu bizian itzuliak ahalik eta lasterrean egin asmoz. Eta froga akitzeko, arpanlarien txanda izan zen. Hauek ere ez zuten lan makala izan. Modu honetan, modalitate guztiak hiru aldiz errepikatu zituzten eta azkenean denborarik onena talde beltzak egin zuen. Segidan mutilak aritu ziren. Hauek ere, nesken pare, bi talde egin zituzten eta atorraren kolorearengatik bereizten ziren. Batzuk beltzak eta besteak urdinak. Nesken antzeko lehia egin zuten, baina hori bai ñabardura batzuk kontuan hartuz. Kasu honetan distantziak handiagoak ziren eta garraiatu beharreko zama ere astunagoa zen. Gainera, mutilen kasuan aizkora ere sartu zuten. Honela izan zen ordena. Lehenik kozkor biltzea, ondotik txinga eramatea, zaku lasterketa, aizkora, lasterketa eta akitzeko, arpana. Kasu honetan ere kolore beltzeko taldea gailendu zen. Azken finean ongi pasatzea da helburua eta gazteek garbi erakutsi zuten kirola eginda ere ederki pasa daitekeela eta gainera, ikusmin handia piztu herritarren artean.
Dantza saioa igande arratsaldean
Igande arratsaldean, dantza saioa egin zen Sunbillako besten barne. Goiz partean suziria jaurti zen eta jendea ederki hasi zen motorrak berotzen. Arratsaldeko 17etan jarri zuten hitzordua eta goizean bezala, bero sapa eta sargoria ari zuen. Horrek nolabaiteko traba eragin zien dantzariei begietan jotzea ez baita atsegina izaten eta gainera zeramatzaten arropekin, are makurrago. Baina guzti horiei aitzin egiteko prest agertu ziren. Ikasturtean zehar, astero, asteazkenetan arratseko 20etatik aitzinera elkartzen dira frontoian eta Mari Kruz Goñik euskal dantzak erakusten dizkie. Multzo polita biltzen da helduetan eta baita haurretan ere. Baina ez hori bakarrik, azken asteetan egunero jarri dute hitzordua, dena ahal bezain zuzen eta ongi ateratzeko. Beraz, aunitz ordu daude saio horren gibeleko aldean eta eskertzekoa da sunbildar hauen borondatea eta gogoa. Jende multzoa hurbildu zen dantza saioa ikustera, dagoeneko errotua bai dago ekintza hau. Gutxi gora behera 30 haur eta 22renbat helduek parte hartu zuten saioan. Lehenik helduek aurreskua dantzatu zuten bertaratutako guztiak agurtu eta ohiko hasiera emateko. Erran beharra dago aurtengo dantza saioan, aurreskua kenduta, gainerako dantza guztiak berriak zirela eta horrek esfortzu handiagoa suposatzen du. Ez da berdin urtero dantzak errepikatzea edo jendeari gauza berriak erakustea. Segidan haurrek dantza desberdinak nahasiz pot-pourri bat egin zuten. Jota eta porrusalda ere ohikoa izaten da eta aski polita eta ikusgarria izaten da. Haurrek makilak eskuan zituztela dantza polit bat eskaini zuten. Denek elkarrekin El Ciego dantzatu zuten eta poliki-poliki saioaren azken txanpan sartu ziren. Mutilek bakarrik Zortzinako dantzatu zuten… Eta ondotik hain polita eta konplikatua den Larrain dantza. Geroz eta herrikoiagoa bihurtzen ari da dantza hau, baina egia dena da oso luze eta zaila dela eta orduak eta orduak pasa behar direla dena bere osotasunean ikasi bitarte. Dantza akitu eta zapiak airean astintzerakoan, lasaitu ederra hartu zuten Sunbillako dantzariek. Saio honetan musikarien laguntza ezinbertzekoa suertatzen da eta kasu honetan Iruñeko gaitariak lagun izan zituzten. Helduek arropa politak erakutsi zituzten. Ez da erraza hauek egitea eta poliki-poliki ari dira herriko jostunak. Aurten, zehazki, gonak egin dituzte eta horrela pausoz pauso eginen dituzte. Pololoak, gona azpikoa, gona, ator zuria, espartinak eta galtzerdi beltzak zeramaten neskek eta mutilek, aldiz, galtza eta ator zuria, paxa gorria, zapela eta Larrain dantzarako txalekoa. Haurrei dagokionez, neskek baserritar arropa jantzi zuten eta mutilek galtza marradunak, ator zuria, paxa eta zapela. Hortaz, txalogarria da Sunbillako kuadrila honek egiten duen lana eta erakustaldia ere bikaina izan zen.