Langabeziak zertxobait beheiti egin du eskualdean uztailean ere

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 8a

563 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan, ekainean baino 19 guttiago

Estatu osoan eta Nafarroan goiti egin badu ere, azken bortz hilabetetako beheitiko joera mantendu du uztailean langabeziak eskualdean eta zertxobait beheiti egin du, %3,26. Nafarroa osoan dauden hamar enplegu bulegoetatik zazpitan nabarmen goiti egin du langabeziak eta hirutan zertxobait beheiti. Horien artean, langabezia gehien jautsi dena da Doneztebekoa.

563 langabetu

Zehazki, uztail hondarrean 563 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, ekain hondarrean baino 19 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 847 kontratu gauzatu ziren uztailean, ekainean egin zirenen bikoitza, baina horietatik 47 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak. Beraz, gehienak udako lanak direla erraten ahal da.

Adina eta sexuaren arabera

Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak. 310 dira langabezian daudenak eskualdean, halere ekainean baino 10 guttiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean, aldiz, goiti egin du langabeziak 195 gizon baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 8 gehiago 25 urtez beheitikoen artean, 28 emakume daude langabezian, ekainean baino 1 gehiago. Adin tarte horretako gizonen artean langabeziak nabarmen beheiti egin du. Uztail hondarrean adin horretako 30 gizonek emana zuten izena Enplegu Bulegoan, hilabete lehenago baino 18 guttiago.

Lan arloka

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 344 langabeturekin, nahiz eta ekainean baino 17 guttiago izan. Industrian 130 langabetu daude, ekainean baino 4 guttiago. Eraikuntzan, aldiz, goiti egin du langabeziak eta 39 langabetu daude, ekainean baino 2 gehiago; nekazaritzan ere goiti egin du langabetu kopuruak, 16 baitira langabetuak, ekainean baino 1 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean zertxobait beheiti egin du langabeziak uztailean, 34 langabetu baitaude eskualdean, ekainean baino bat guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun