Legasako lantokia itxi eta Lesakan eta Berriobeitin 35 milioiko inbertsioa egin nahi du Arcelor Mittal enpresak

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 7a

Zalainen, berriz, 119 lanpostu galduko direla jakinarazi du Condesak

Arcelor Mittal konpainiak uztailaren hondarrean iragarri zuen Legasako lantokia itxi eta hango produkzioa Lesakara eta Berriobeitira eraman nahi duela. Nafarroako Gobernuak hutsik geratuko diren instalazio horiek erosi nahi dituela jakinarazi zuen biharamonean. 200.000 metroko eremua du Legasako enpresak, eta sustapen publikoko ekonomia jarduera eremua eratu nahi du han Gobernuak. Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak adierazi duenez, dagoeneko jarri dira Arcelorrekin harremanetan, eta datozen hilabeteetan akordioa iristea espero dute.

Legasako lantokia ixteko asmoa izan arren, Hego Euskal Herrirako hainbat proiektu iragarri zituen siderurgia enpresak. 2011ra bitartean 35 milioi euroren inbertsioak eginen ditu Nafarroan, horietako 30 Lesakako lantokian eta 5 Berriobeitin. Roigen hitzetan, Gobernuak «pozez» hartu ditu multinazionalaren asmoak, gutxienez bertze 25 urtean Nafarroako produkzioa mantenduko duelako. «Inbertsio horiei esker, gainera, balio erantsi eta lehiakortasun handiagoko produktuak egingo dira», esan du. Era berean, zuzendaritzak eta langileek lan harreman ona dutela nabarmendu du Roigek. 230 lanpostuko soberakina sortuko da Legasan, eta enpresak erretiro partzialak eta erretiro aurreratuak emanen dituela jakinarazi du. Gipuzkoan eta Bizkaian ere hainbat inbertsio egiteko asmoa du Arcelor-Mittal enpresak.

Zalainen 119 lanpostu galduko dira

Bertze aldetik, gaur egun Condesa taldearen esku dagoen Zalain Transformados lantegian ere 119 lanpostu galduko direla iragarri du enpresak. Sindikatu iturrien arabera, enpresare asmoa 60 bat langile kalteordainak ordainduz kaleratzea da eta gainerakoak, behin behineko enplegu-erregulazioen bidez. 2003an 550 langile zituen Zalaingo lantegiak eta hurrengo urtean, Condesak erosi zion Arcelorri. Geroztikan, enpresaren produkzioa jausten joan da poliki-poliki, 200.000 Tonatik iazko 70.000 Tonara. Sindikatuen ustez, jautsiera hau, egitura-tuboaren produkzioa Gasteizera eramatearen ondorioa da, Zalainen tubo kalibratuaren produkzioarekin gelditu den bitartean. Gaur egun 330 langile ditu Zalaingo lantegiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun