Argi mozketak eta tentsio jautsierak salatu ditu Etxalarko EAk

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 5a

Behin betikoz eta berehala moldatzea eskatu dio Iberdrolari

Etxalarko Eusko Alkartasunak argindar mozketak eta tentsio jautsierak berehala eta behin betikoz moldatzea eskatu dio Iberdrolari. EAk hamar urte daramazki enpresa honek Bortzirietan orokorrean eta partikularzki Etxalarren eskaintzen duen zerbitzu kaxkarra salatzen eta behin baino gehiagotan bilera egitea eskatu dio Iberdrolari, aferaz solasteko. Baina EAk dioenez, “guk eskatuta egindako bilera horietan ez dugu solas goxoak eta etorkizunera begira intentzio onak bertzerik lortu”.

Neurriak hartzea eskatuko diote Estatuko Energia Batzordeari

Baina egoera behin eta berriro errepikatzen da, azkenekoa duela aste pare bat, bi orduz argindar zerbitzua abixurik gabe eten zenean, horrek sortu zituen kalte guziekin. Horregatik, EAk behin betiko soluzio osoa eskatu dio berriro Iberdrolari, “gainerakoan hainbertze aldiz errepikatu diren arazo hauen berri eman beharko diogu Estatuko Energia Batzordeari (CNE), honek beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez dituen zerbitzua eskaintzen duen enpresarekin neurri zehatzak har ditzan”.

Nafarroako Gobernuari ere kontuak eskatu

Honen inguruan, Aitor Etxarrik, Nafarroa Baiko parlamentariak ere bere kezka agertu du eta “onartezina” iruditzen zaio “nafar guzien diru publikoarekin laguntzen den enpresa batek ez duela eskatzen ahal zaion zerbitzuaren guttieneko kalitatea betetzen eta honen inguruan kontuak eskatuko dizkiogu Nafarroako Gobernuari ere”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun