Nafarroako Gobernuak kasik milioi erdi euro bideratuko ditu suhiltzaile boluntarioen parkeetara

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 1a

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Larrialdi Agentziaren bidez, kasik milioi erdi bideratuko ditu aurten, herrialdean ditugun suhiltzaile boluntarioen zazpi parkeak mantentzeko. Kopuru hori, ohiko gastuetara eta eraikinetan egin beharreko inbertsioetara eta ibilgailu berrietara bideratuko da. Joan den urtean Iruñetik eman zenari erreparatuz, aurten 20.000 euro gehiago dira.

Suhiltzaile profesionalen 11 parke eta boluntarioen 7

Nafarroan, profesionalen hameka suhiltzaile parke daude eta udan hamabigarren bat ere izaten da Iruñeko Miluzen. Hauekin batera, boluntarioekin betetzen diren bertze zazpi parke daude Agoitz, Bera, Goizueta, Isaba, Leitza, Lesaka eta Luzaiden. Hauek hurbileko profesionalen parkeekin koordinatzen dira eta SOS Navarra 112tik horrela eskatzen denean mugitzen dira. Guzira 141 suhiltzaile boluntario daude gaur egun Nafarroan, 23 Agoitzen, 22 Beran, 25 Goizuetan, 6 Isaban, 20 Leitzan, 25 Lesakan eta 20 Luzaiden. Denek, sute batean edo salbamendu batean ongi erantzunen dutela segurtatzen duen ikastaroa gainditu dute. Joan den urtean hainbat interbentzio egin zituzten, guzira 5.000 ordu inbertituz suteak itzaltzen, errepideak garbitzen, galdutako pertsonak bilatzen eta praktika eta simulakroetan. Gainera, guziek urtean 60 ordu eman behar dituzte maniobretan.

Gehiena inbertsioetarako

Aurten jasoko duten 495.500 euroetatik, 159.000 euro ohiko gastuetara bideratuko dira, aseguruak, telefonoak, ura eta bertze ordaintzeko. Kasu honetan, parke guziek 20.000 eta 30.000 euro artean jasoko dute, Isabakoak izan ezik. Honek 7.600 euro hartuko ditu. Gainerako 336.500 euroak inbertsioetara bideratuko dira. Joan den urtean, eraikinen hobekuntza lanak akautu ziren eta ibilgailuak berritzeari ekin zioten. Aurten ere ibilgailu berriak eskuratuko dituzte suhiltzaileek. Errate baterako, Goizuetan anbulantzia baterako 68.000 euro jasoko dute eta Leitzan 67.000 euro inguru moldaketa lanerako eta interbentzio azkarreko ibilgailu bat erosteko. Isaba eta Bera izanen dira aurten inbertsioetarako dirulaguntzarik gabe geldituko diren parkeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun