Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentua “Oinarrizko Weba, Web bat Udaletxe bakoitzarendako” egitasmoa bultzatzen ari da, oraindikan Internet-eko web-orria ez duten udalei zuzendua. Adibidez, momentu honetan, Igantzi, Ituren eta Zubietako udalek tarteko web bat eskaintzen diete internautei, 2006ko deialdiaren ondotik lortutakoa. Bertze zenbait udaletan bere gisara egin dituzte web-orriak. 2006an ere egin zituzten bere orriak Arantza, Beintza-Labaien, Donamaria, Oitz eta Zugarramurdiko udalek.
Bera eta Doneztebeko udalak
Azkeneko deialdi honeta, Bera eta Doneztebeko udalek parte hartzen dute. Programa honen bidez argitaratutako web-orriek udal erakundearen eta zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen dute, eta A bikoitza mailan dute sarbidea. Aipatzekoa da sarbiderako hiru maila daudela: A, A bikoitza eta A hirukoitza eta administrazioa A maila eskaintzera behartuta dago bakarrik. Baina A bikoitza maila eskaintzeko joera dute udalek, horrela, errate baterako, itsuek Internet-en sartu eta sintetizadore baten bidez, argazki edo web-orritik pasatu eta bertan ageri dena aditzeko aukera daukate.
Oinarrizko web-orriak
Udalen oinarrizko web-orrietan Portadan, udalaren aurkezpena egiten da, Udala sailean, herriko etxeari buruzko informazioa eta ordutegiak biltzen dira; Kokapena eta datuak sailean, herriaren kokapen geografikoa zehazten da, Tokia eta jendea sailean, herriaren geografia, historia eta ohiturei buruzko datuak ageri dira; Txokoak atalean, herriko eta inguruko argazkiak ikusten ahal dira; Jan eta lo egin atalean, jatetxe eta ostatuei buruzko informazioa biltzen da eta Izapideak sailean, udal tramite ezberdinak egin ahal izateko bortz agiri ezberdin deskargatzen ahal dira.
Adibideak
Web-orri hauen adibideak ikusteko, www.arantza.eu, www.donamaria.org edo www.zugarramurdi.es helbideak klikatzen ahal dira.