Doneztebe Ak eta Irurita Bk jokatuko dute Baztan-Errekako hogeita bederatzigarren laxoa txapelketaren finala igande honetan, abuztuaren 3an, Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan. Aste hondar honetan jokatu ziren final erdietako itzuliko partidak.
Doneztebe A arazorik gabe
Doneztebe A eta Oitz Aren artean ez zen ezusterik izan. Joaneko partidan aisa irabazi zuten doneztebarrek Oitzen, 2 eta 9, finalerako txartela kasik erabakia utziz. Itzulerako partida estuago joan baldin bazen ere, hau ere Doneztebe Ak irabazi zion Oitz Ari, 9 eta 7.
Irurita Bk ezustea
Bertzelakoa izan zen Iruritarren arteko lehia. Irurita Ak 7 eta 9 irabazi zion Irurita Bri joaneko partidan, baina hauek ezustea eman zuten itzulerakoan eta 3 eta 9 irabazi zuten.
Finala igande goizeko 11:30ean
Beraz, igandeko final nagusian Doneztebe A eta Irurita B izanen dira aurrez aurre, goizeko 11:30etik aitzinera, Bear-Zana pilota plazan.
Eta hirugarren posturako lehia larunbatean 17:00etan
Hirugarren posturako norgehiagoka, berriz, plaza berean jokatuko dute Irurita Ak eta Oitz Ak, larunbatean, abuztuaren 2an, arratsaldeko 5etatik aitzinera.