46 izokinekin itxi da Bidasoako arrantza denboraldia

ttipi-ttapa 2008ko uztailaren 24a

Hondarribiako Jose Luis Lopezek atera zuen Lehenbizikoa apirilaren 16an. TTIPI TTAPA

Iaz baino lau guttiago atera dira

Martxoko azken igandean, hilaren 30ean, hasi eta uztailaren 20an itxi zen izokina arrantzatzeko aurtengo denboraldia Bidasoan. Guztira 46 izokin atera dira, joan den urtean baino lau guttiago, baina Nafarroako Gobernuak ezarritako mugaren azpitik. Lehenbiziko izena hartzen duen denboraldiko lehen izokina Hondarribiako Jose Luis Lopezek arrantzatu zuen apirilaren 16an. Lau kilo eta 400 gramo eta 75,5 zentimetroko izokina izan zen. Geroztik bertze 45 egin dira.

Gehienez 60

Nafarroako Gobernuak aurtengo denboraldian gehienez ere 60 izokin ateratzeko baimena eman zuen, iaz baino 10 gehiago. Hala, denboraldi bukaera baino lehen kopurua gaindituz gero, hor itxiko litzateke sasoia. Apirilaren 16an arrantzatu zuen 69 urteko hondarribiarrak Lehenbiziko izokin preziatua, eta gehien arrantzatu dutenak Juan Otamendi eta Ernesto Gainza izan dira, bortz bakoitzak.

Errepidean lanak

2006a urte txarra izan zen Bidasoako arrantzaleentzat, 27 izokin baino ez baitzituzten atera. Baina iazko kopuruarekin eta aurtengoarekin badirudi indartzen ari dela. Gainera, denboraldi berezia izan da aurtengoa, N-121Ako obrak tarteko edo bertze zenbaitetan ur eskasia egon delako, zenbait egunetan ezin izan dutelako arrantzatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun