Nafarroako hainbat txapelketa erabaki dira Iruñeko Sanferminetan

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Jabier Galarregi hirugarren izan da Nafarroako Orga Joko Txapelketan. TTIPI TTAPA

Emakumeetan Esther eta Maite Iriarte narbartearrak txapeldun txinga eta ingudearekin

Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatu ziren Iruñeko Sanferminetan. Horietatik aunitzetan Nafarroako txapelduna erabaki ziren. Eskualdeko kirolariek ere ez zuten hutsegin eta emaitza onak eskuratu zituzten.

Maila Nagusiko Arpana Txapelketan, gizonezkoetan, Julen Txoperena igantziarra eta Iñaki Portu lesakarra laugarren gelditu ziren. Kanaerdiko enborrari 14 ebaki etzanda eta lau zutik egiten 10:20ko denbora behar izan zuten.

Maila berean, baina emakumezkoetan, Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek ezin izan zituzten Euskal Herriko txapeldunei aitzin hartu. Joan den urtean txapela lortu zuten, baina aurten txapeldunengandik 34 segundora gelditu ziren. 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda ematen 11:57ko denbora egin zuten.

Kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketan ere izan genuen eskualdeko ordezkaritza. Basaburuako Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio laugarren gelditu ziren. 7 minutu eta 7 segundoko denboran eman zizkioten metroko enborrari 10 epai.

Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketan, marka onak egin zituzten Igantziko lasto-altxatzaileek. Iñaki Bereau nagusitu zen 21 jasoaldi egin ondotik, eta bigarrena Xabi Sein gelditu zen, altxaldi bat guttiago eginda. Hirugarren posturako lehia estua izan zen Oskar Telletxea eta Carlos Seinen artean, baina Telletxeak 19. jasoaldia ere egin zuen denboratik at segundo batera; Karlosek ez zuen jasoaldi hori egin eta laugarren gelditu zen bera, 18 jasoaldi egin ondotik.

Nafarroako Harri-Jasotzeko Txapelketan , Unai Bertiz sunbildarrak jantzi zuen txapela, 5.812,5 kilo bizkarreratu, eta 100 kiloko aldea aterata Leitzako Josetxo Urrutia bigarren sailkatuari. Jasoaldi bateko aldea atera zion Bertizek Urrutiari. Eztabaida ere sortu zen. Izan ere, epaileak 112,5 kiloko harriaren jasoaldi bat guttiago onartu zion Bertizi, eta plazan zen kamara bati esker baieztatu ahal izan zuten Bertizek 13 jasoaldi egin zituela eta ez 12 jasoaldi. 112,5 kilokoaz gain, 125eko zilindroa eta 100ekoa jaso behar izan zituzten.

III. mailako aizkolarien kanporaketa ere Iruñeko Sanferminen barne jokatu zen. Bi kanaerdiko ebaki behar izan zituzten aizkolariek eta Patxi Mindegia zubietarrak egin zuen denborarik onena. Berarekin batera, Ruben Saralegi leitzarra, Julen Kañamares, Raul Castro urroztarra eta Oihan Larretxea beratarra sailkatu ziren finalerako.

Motozerra Txapelketaren X. edizioan ere eskualdeko parte-hartzea izan zen. Oieregiko Esteban Arrutik lortu zuen txapela 12 puntu eskuratuta. Hirugarren sailkatua ere eskualdera etorri zen, Martin Agerrea arizkundarrarentzat izan zen, 10 puntu lortuta. Bigarren sailkatu zen Alayn Salvadorrek ere puntuazio bera jaso zuen.

Nafarroako Bi-Bitako Aizkora Txapelketan, Miel Mindegia eta Juan Jose Lopezek irabazi zuen, 22 segundoko aldea aterata Floren Nazabal eta Daniel Vicenteri. Donato Larretxea eta Joxejuan Barberena hirugarren gelditu ziren. Aipatu, egun horretan, Donato Larretxeak gau osoa errepidean egin zuela, eta goizean heldu zela Iruñera. Izan ere, Malagan Timber Sport Txapelketan parte hartu zuen, Vicente eta Patxi Larretxearekin batera. Eurek hartu zituzten podiumeko lehen postuak; Vicentek lehena, Donatok bigarrena eta Patxik hirugarrena.

Nafarroako Orga Joko Txapelketako parte-hartzaile guztiak eskualdekoak izan ziren. Joseba Petriren beratarrak jantzi zuen txapela, eta ondotik sailkatu ziren Igor Lasaga herrikidea, Jabier Galarregi etxalartarra, Josetxo Urrutia leitzarra, Mikel Pikabea beratarra eta Xabier Ariztegi etxalartarra.

Txinga Eramate Txapelketan, emakumeetan Esther Iriarte narbartearrak jantzi zuen txapela, 22 plaza egin ondotik. Xanta Sousa lesakarrari bi plaza pasatxoko aldea atera zion; Estibalitz Almandoz lesakarra gelditu zen hirugarren, eta Maite Bengoetxea urdazubiarra laugarren.

Gizonezkoetan , nagusitasun osoz gailendu zen Leitzako Mielanjel Sukuntza, 17 plaza eta 1,44 metro eginda. Jabier Galarregi etxalartarra bigarrena izan zen.

Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa, gizonetan, jasoaldi bateko aldeaz jantzi zuen txapela Igantziko Xabier Seinek, bigarrena Joakin Aioroa iturendarra izan zen; Karlos Sein igantziarra hirugarren eta Josetxo Urrutia laugarren.

Emakumezkoetan, bi lagunak narbatearrak ziren: Maite Iriarte gailendu zen eta Ane Verde bigarren gelditu zen.

Txapelketa eta kanporaketez gain, bertzelako erakustaldiak ere egin ziren: aizkorarekin Joxe Bikondoa eta Maika Ariztegi iturendarra aritu ziren, Miel Saralegi harriarekin, eta sokatira erakustaldian Amaiurko eta Lesakako neskak eta Amaiurko gizonezkoek parte hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun