Ordutegi berria izanen dute leizeek eta Museoak irailaren 21a arte

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Bertzalde, Xaretako hiru margolarien erakusketa zabalik dago Museoan

Hainbertze tokitan bezala, Zugarramurdiko leizeetan eta Sorginen Museoan udarako ordutegia aldatu da. Herriko turismo baliabideetara sartzeko udako ordutegi berezia hau da uztailaren 1az geroztik, eta irailaren 21era bitarte horrela izanen da.

Leizeak egunero irekita egonen dira 10:30etik 20:00etara bitarte. Museoa, berriz, astelehenean, egun osoan, eta astearte goizean itxita egonen da. Gainerakoan, asteartean arratsaldetan 16:30etik 19:30era egonen da zabalik, eta bertze egunetan, goiz arratsaldez, 11:00etatik 19:30era.

Sarreretako prezioei dagokienez, leizean sartzeko hiru euro eta erdi ordaindu beharko dute helduek eta bi euro haurrek. Museora sartzeko, berriz, lau euro ordainduko dute helduek eta bi euro haurrek. Dena den, Sorginen Museoko sarrerarekin beherapena izanen da leizean sartzeko, eta alderantziz.

Margo erakusketa Museoan

Lehen ere aipatu izan dugu Sorginen Museoak bertze funtzio bat ere baduela: goitiko seilarua erakusketak egiteko erabiltzen da. Uda honetan ere horretarako baliatuko da.

Uztail osoan eta abuztuaren lehen hamabortzaldian Xaretako hiru margolari hauen lanak ikusgai izanen ditugu: Mariano Arrieta, Bixente Garzia eta Georges Labrosse Yola. Pintura figuratibo eta abstraktoa lantzen duten margolari hauen 50 bat lan ikusteko aukera izanen da. Saran bizi eta lanean aritzen diren hiru artista hauen elkargunea dugu erakusketa hau, lehenago ere elkarrekin lanean aritu badira ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun