Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore jaialdia eskualdera ailegatuko da aurten ere

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Dantza emanaldiak izanen dira Doneztebe, Lesaka, Etxalar eta Beran

Hamabigarren urtez Irungo Eraiki dantza taldeak Bidasoaldeko Nazioarteko gazteen Folklore jaialdia antolatu du, eta aldi honetan ere hainbat saio izanen dira gure inguruan ere. Asteazkenean, uztailaren 23an eginen dute inaugurazio ekitaldia Irunen, 20:00etatik aitzinera. Parte hartuko duten taldeak Luis Mariano plazan bilduko dira eta handik kalejiran joanen dira Udaletxera. Bertan harrera eginen diete udalbatzako kideek. Gero, 21:00etan kalejiran joanen dira taldeak Bidasoa karrikako Euskal Jai frontoira eta bertan jaialdia eskainiko dute talde guziek.

Ortzegunean Donezteben

Gure eskualdeari dagokionez, lehenbiziko emanaldia ortzegunean, uztailaren 24an eginen da Doneztebeko Santa Luzia plazan, arratsaldeko 19:00etan. Irungo Eraiki dantaz taldearekin batera, Poloniako Mali Gorzowiacy eta Argentinako Santa Cruz hiriko General Las Heras udal dantza eskolakoak ariko dira.

Lesakan larunbatean

Lesakan larunbatean izanen da saioa, uztailaren 26an. Arratsaldeko 19:30ean desfilea eginen dute taldeek eta 20:00etan dantza saioa Plaza Zaharrean. Aurten, Eraiki Dantza Taldekoekin batera, Argentinako Santa Cruz hiriko General Las Heras udal dantza eskolakoak, Ipar Ossetiako mendiko umeak hartzen dituen Deti Gor folklore taldekoak eta Poloniako Mali Gorzowiacy taldekoak ariko dira.

Etxalarren igande eguerdian

Etxalarrera ere ailegatuko da aurten Nazioarteko gazteen folklore jaialdia. Uztailaren 27an, igandean, izanen da, 12:30ak aldera. Argentina eta Poloniako taldeak izanen dira Etxalarko plazan.

Beran astelehen arratsaldean

Beran, azkenik, uztailaren 28an, astelehenean izanen da saioa Altzateko plazan, arrasaldeko 20:00etan. Ipar Ossetiako Deti Gor eta Nepalgo Everest Nepal Cultural Group ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun