Turisten arreta gune haundia dira Leurtzako urtegiak eta horren lekuko dira urtean pasatzen diren milaka eta milaka bisitariak. Iaz, erraterako, 35.000 lagun pasatu ziren. Aurten ere hala izatea espero da, eta zerbitzurik osatuena eskaintzeko asmoz, uztailaren 16az geroztik bisita gidatuak egiten ari dira urtegietan barna, asteazken eta larunbatetan. Ordu bat eta erdiko iraupena duten itzuliak dira eta abuztuaren 30a bitarte izanen da horretarako aukera. Helduek euro bat ordaindu behar dute, eta 14 urtetik behetikoentzat dohainik da. Bertzalde, aipatu, Aste Santutik azaroaren 2a bitarte egunero zabalik dagoela informazio zerbitzua. Horrez gain, sua egiteko baimena ere eman du Nafarroako Gobernuak. Dena den, ez dago inongo guarda zerbitzurik, ez eta inongo ostalaritza zerbitzuirk ere. Etxeko animaliak lotuak ibili behar dira.
Informazioa jasotzeko eta izena emateko Bertizko Partzuergo Turistikora jo behar da: 948 592323 edo bertiz@consorciobertiz.org.
Elbarrituentzako bidea
Beheko urtegia inguratuz bi kilometroko bidexka elbarrituentzako egokitua dago, eta gurpil-aulkietan daudenentzat erabat prestatua dago. Gainera, aurten itsuentzako egokitu nahi da. Komunak eta aparkalekuak ere prestatuak daude. Horrez gain, ibilbide luzeagoko itzuliak ere egin daitezke, eta seinaleztatuak daude gainera.