Lehenbiziko aldiz eginen da asteburu honetan Malerrekako Mendi Itzulia, bi eguneko mendi martxa. Larunbatean, uztailak 26, hasi eta igandean, bukatuko da. Larunbatean 07:00etan abiatuko da Doneztebetik eta Labeaga aldera –Donamaria– joanen da, Belate eta Baztanekin muga egiten duen tokira. Handik, Leurtzako enbaltseetan barna, Uztakortarako bidea hartuko dute mendizaleek, eta handik Gorostieta aldera, Saldias eta Ultzama artean dagoen kaskora. Otxolan barna ibili ondotik Basakabira ailegatuko dira mendizaleak. Lehen eguna Basakabin afaldu eta lo eginez bukatuko dute.
Igandean, Basakabitik abiatutakoan Iruñarri –Eratsun– izanen dute lehen tontorra. Ondotik, Zubieta eta Labaien arteko Sorginzelai mendira joanen dira, eta hortik Loizatera. Arantzako lurretan sartuz, Ekaitza eta Mendieder izanen dira hurrengo tontorrrak. Handik Mendaurko kaxkora joanen da ibilaldia eta bukatzeko Doneztebera itzuliko dira.
Egun bakoitzean 35 kilometro inguru egin behar dira, eta interesatuek Titi Ostatuan eman behar dute izena. Asteazken hau, hilak 23, da azken eguna. Izen ematean ordaindu behar diren 20 euro horien barne sartzen dira larunbateko afaria eta igandeko gosaria. Elkarteko bazkide direnek17 euro ordainduko dituzte.
Asteazken honetan, hilak 23, 20:00etan Errekaren egoitzan bilera bat eginen da xehetasunen berri emateko. Informazio gehiago: 619 309280.