Unai Bertiz harri-jasotzaileak Nafarroako txapela jantzi du

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 23a, 15:24

Unai Bertiz, harria jasotzen. TTIPI TTAPA

Iparraldeko Jokoetan ere txapeldun izan da

Pasa berri diren Iruñeko Sanfermin bestetan jokatu zen Nafarroako harri-jasotze txapelketa. Uztailaren 9an izan zen, Iruñeko Foruen Plazan. Txapelketan parte hartu zuten harri-jasotzaileek hiru harri desberdin altxatu behar zituzten: 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Unaik lehen harriari 22 altxaldi eman zizkion, bigarrenari 13 eta hirugarrenari 16 altxaldi. Epaileek kontuak egiterakoan, Unaik bigarren harriari egindako 12 altxaldi zenbatu zituzten, baina bertan zeudenek 13 altxaldi izan zirela zioten. Azkenean, txapelketaren irudiak hartzen ari zen Xaloa Telebistako kamarari esker Unaik benetan 13 altxaldi egin zituela baieztatu ahal izan zen eta horrela bigarren sailkatuari 100 kiloko aldea atera zion. Nafarroako txapeldun izendatu zuten Unai.

Bertzalde, aipatu, aurreko hilabeteetan jokatu diren Iparraldeko Jokoetan, hiru kanporaketatik bitan parte hartu zuela Unaik eta lehen postua irabazi zuela. Igande honetan, berriz, hilak 27, Laukarizko Harria Txapelketan parte hartu behar du eta abuztuaren 10ean, Igeldoko Txapelketan. Beraz, zorionak Unai eta ea datozen egunetan jokatu behar dituen txapelketetan ere emaitza onak lortzen dituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun