Aitzineko alean erran genizuen, berandu baldin bazen ere, igerilekuak ireki zirela. Baina bitartean hainbat gauza gertatu dira. Nahiz eta uztailaren 5ean ireki, hiru egun geroago soroslea zen Gorka Zurbanok lana utzi zuen. Igerilekuek lau egunez itxita egon behar izan zuten soroslerik ez zegoelako. Geroztik hainbat aukera ibili zituen alkateak afera ahalik eta egokien konpontzeko. Azkenik konponbide batzuetara iritsi da. Lehenik, bonoa eskuratu duten herritar guztiei dirua itzuli zaie. Bigarrenik, astegunez igerilekuak 15:00etatik 20:00etara zabalduko dira uztailean. Sorosle lanetan ariko dena Txomin Elgorriaga beratarra da. Eta astebukaeretan, berriz, Beñat Irazokik beteko du eginkizun hori. Abuztuan lehen 15 egunetan irekiko da igerilekua. Horrez gain, herritar guztiek sarrera dohainik izanen dute.