Euskara hedabideetan erabiltzeko dirulaguntzak blokeatu ditu Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

TTIPI TTAPA

Aurrekontuen murrizketa %14,5ekoa izanen da euskararen arloan, Hezkuntza Departamentuko batez bestekoaren kasik 4 aldiz haundiagoa

Nafarroako Gobernuak ttipi-ttapari eta euskara erabiltzen duten bertze hedabideei ematen dien dirulaguntza kolokan dago. Miguel Sanz presidenteak, krisi ekonomikoaren ondorioz, aurrekontuak murriztea erabaki du, eta murrizketa horren zati haundi bat Euskarabideari dagokio, Nafarroan euskara kudeatzeko duela urte erdi sortu zen erakundeari, alegia. Erakunde honek banatzen ditu, bertzeak bertze, euskarazko hedabideei ematen zaizkien laguntzak, euskararen aldeko kanpainak, ikerketa soziolingustikoak… Azken batean, euskararekin zerikusia duten arloak.

Orotara, Gobernuaren aurrekontua 150 milioi euro murriztuko da, eta kopuru horretatik ia 700.000 euro Euskarabideari dagozkie. Kontuan hartu behar da Euskarabidearentzat lau milioi euro zeudela aurreikusiak, horietatik 310.000 euro hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko eta bertze 40.000 informazio teknologia be-rrietan euskara indartzeko. Erabat kezkagarria da. 2008ko aurrekontuen murrizketa %14,5ekoa da euskararen arloan, Hezkuntza Departamentuan Gobernuak aplikatu duena baino ia 4 aldiz gehiago.

Euskara kudeatzeko sortu zuen Nafarroako Gobernuak Euskarabidea, hasieran Euskararen Nafar Institutua (ENAI) deitua. 2007ko irailean izan zen hori. Baina sortu eta urte erdira krisian murgildu da. Batetik, erakundeko Aholkularitza eta Ikerketa zuzendaria izan den Mikel Aranbururi zesea eman diotelako, eta bertzetik, aurrekontuak %14,5 murriztu direlako. Nafarroako Gobernuaren bertze sailek ere murrizketa jasanen dute, baina ez dute denek era berdinean antzemanen. Hezkuntzan aurreikusi den batez bertzeko murrizketaren ia lau aldiz haundiagoa da euskararen erakundeari dagokiona. Bertze kasuetan %4koa da murrizketa, eta Euskarabidearen kasuan %14,5.

Euskarabideko funtzionarioen soldatak osatzen du erakunde horrek duen aurrekontuaren partidarik altuena. Egia da, euskararen arlo zehatz batzuetara bideratutako laguntzak emanen direla –udalentzako dirulaguntzak (550.000 e), gau eskolentzako laguntzak (510.000 e), eremu erdalduneko ikastoletara bideratutakoak (154.714 e), argitalpenak…– baina bertze aunitz blokeatuak daude, eta tartean dago euskarazko hedabideentzat aurreikusitakoa.

Nafarroako hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko 310.000 eko laguntza zegoen aurreikusia, eta horrez gain, informazio teknologia berrietan euskara indartzeko bertze 40.000 e iragarriak ziren. Baina 350.000 e horiek blokeatuak daude momentu honetan. Euskarabideako zuzendari eta kudeatzailea den Xabier Azanzak ez du murrizketa horien inguruan behin betiko baiezkorik eman baina, eta baliteke, azkenean dirulaguntza kopururen bat bideratzea.

Azken 9 urteotan, gaztelaniazko hedabideak ‘saritu’ dira euskarazkoen kaltetan

Aurtengo kasua alde batera utzi, eta 1999az geroztik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzek izan duten bilakaerak ere merezi du aipamenik. Euskarazko aldizkariei emandako dirulaguntza ez da haunditu. Alderantziz, murriztu egin da urtetik urtera. Eta hori ez da euskararentzako berri ona. Laguntza behar dute euskaraz lan egiten duten komunikabideek, baina agintariek ez dute horren aldeko apusturik egiten. Datuak nahiko adierazgarriak dira. Joan den urtean, gaztelaniazko hedabideei 1999an baino 55.303,45 e gehiago eman zizkioin Nafarroako Gobernuak; euskarazkoek, aldiz, 1999an baino 34.436,01 e guttiago jaso zuten 2007an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun