«Jendea komodoa bihurtu da eta orain ez du inork alkate izan nahi»

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 23a, 12:05

Alberto San Miguel TTIPI TTAPA

• Azken urteotako udal hauteskundeetan, lehendabiziko deialdian, alkatetzarako zerrendarik aurkeztu ez den bertze kasu bat da Oitzekoa.

• Joan den urteko urriaren 27ko hauteskundeen ondotik izendatu zuten hirugarren aldiz alkate Alberto San Migel. 120 laguneko zentsotik 40 lagunek bozkatu zuten. Bortz zinegotzietatik lauren aldeko botoa jaso zuen.

• Lekaroz-Elizondoko institutuan Lanbide Heziketako irakaslea da eta Laxoa Elkarteko zuzendaritzako kidea.

Gogoan al duzu Oitzen hauteskundeetako lehen deialdian hautagaiak aurkeztu ziren urtea?
Inor ez zegoela-eta sartu ginen gu ere, eta geroztik zortzi-bederatzi urte pasatu dira. Legealdi batzuetan Oitzen bizpahiru talde aurkeztu izan dira, baina gaur egun ezin dugu bat ere bildu. Nik uste dut jendea komodoa bihurtu delako gertatzen dela, ez dugulako konplikatu nahi. Herri ttiki hauetan beti ateratzen dira arazoak, eta ttikia izanagatik dedikazioa eskatzen du. Gainera, gero eta gauza guttiago egin daitezke, gero eta diru guttiago dugulako eta obrak egitea gero eta garestiagoa delako. Dirua ere muga bada.

Nolatan sartu zinen zu lehenbiziko aldi hartan alkatetzan?
Herri batzarra egin zen, eta nire izena atera zen. Lehenago niregatik ere egina zuten lana; herria hemen dago, etxeak, bideak, karrikak... Nik ere nire partea egin beharko nuela pentsatu nuen ondorengoei uzteko. Geroztik, ordea, bederatzi urte pasatu ditut alkatetzan eta hurrengorako bertze batzuk ateratzea nahiko nuke.

Orain artekoaz zein balorazio egiten duzu?
Balorazio positiboa. Egiten dugun guztia herriaren alde egiten saiatzen gara. Denen gustua egitea ezinezkoa da, eta gauza batzuk okerrago eta bertzeak hobeki egiten ditugu. Nik uste dut borondatea paratuz gero, gauzak egin daitezkeela. Auzolanerako, adibidez, Oitzen ez dugu arazorik, auzolanaren bitartez lan aunitz egiten baitugu. Baina horren buru egiteko sortzen da koska.

Zein dira Oizko alkate izatearen alde onak eta txarrak?
Alde onak herria hobeki doala eta jendea kontent dagoela ikustea. Eta txarra denen gustua ezin dela egin. Aunitzetan tontakeria batengatik haserretzen gara…

Alkate izendatutakoan, egitasmo nagusien artean ur depositu berria egitearen beharraz solastu zinen…
Oraindik ez da egin, horrekin gabiltza borrokan, herriari ahalik eta hobekin ateratzea nahi dugulako. Lehenagoko iturri zaharrak ez du goratzeko aukerarik ematen, eta depositua herrian bertan sartua gelditu da. Kontua da herriko gazteak etxe berriak egiten ari direla, eta herria ttiki gelditu eta bazterretan hasi direla eraikitzen. Oraingo depositu horrek etxe horiei ez lieke urik emanen, eta asmoa eurengana ailegatzea da. Baina badago bertze koska bat ere. Gobernuak proiektu zaharraren gaineko laguntza emanen duela eta urteekin prezioek goiti egin dutela eta proiektu berria bikoiztu egin dela. Proiektu zaharrak bortzpasei urte edukiko ditu eta desfase haundia sortu da. Halere, nik uste dut moldatuko garela eta aurten martxan paratzeko moduan izanen gara. Gobernuarekin solasean ari gara eta badugu itxaropena. Horrez gain, hirigintza plana ere atera nahi dugu, herria etorkizunean nolakoa izatea nahi dugun zehaztuz. Aitzineko legealdian hasi ginen, eta lau urte hauetako bertze helburuetako bat izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun