Donamarian Erdi Aroko arkitektura, musika berezia eta janari bikaina uztartuko dituzten ekitaldiak eskainiko dituzte uda honetan, Cultur programaren barrenean. Zehazki, Donamariako Jauregian kontzertuak izanen direla baliatuz, Donamariako Bentan menua eta Nafarroako ardoen dastatzea eskainiko dute. Lehenik potxen krema galaper arraultzeekin eta hori laguntzeko Inurrieta bodegako Mediodia ardo gorria izanen dute menu hau aukeratzen dutenek; gero, arroz kremosoa barazki eta txipiroiekin, Barricako Nekeas ardo txuriaz lagundua; ondotik, pikantoia mahats saltsan eta gaztain karamelizatuarekin izanen da, Adako Minotauro ardo onduarekin edo kriantzarekin eta postrerako, gazta ezberdinen dastatzea sagar dultzearekin, Ochoa Navarro moskatelaz lagundua. Menu hauen prezioa 30 eurokoa izanen da eta prezioaren BEZaren %7a gehitu beharko zaio. Informazio gehiagorako, 948 450708 telefonora edo info@donamariako.com helbide elektronikora jo behar da.
Cultur, Donamariako Jauregian
Aipatzekoa da Donamariako Jauregian larunbat honetan, uztailaren 26an, Ganbara Musika aditzeko aukera izanen dela Donamariako jauregian, arratsaldeko 19:30ean. Fathi Ben Yakoub eta Mathieu Saglio bikoak, biolontxeloarekin eta biolinarekin, Entre Oriente y Occidente izeneko emanaldia eskainiko du. Izenburuak dioen bezala, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubia eraikiko dute musikaren bitartez. Abuztuaren 1ean, arratsaldeko 19:30ean, Ana Alcaide Triok munduko musika hurbilduko du, “Como la luna y el Sol” emanaldiarekin. Tekladun biola, biolina, mandola, perkusioa eta hotsa uztartuko ditu hirukoteak.
Beraz, musika eta gastronomia elkarturik datoz hurrengo bi larunbatetan Donamarian.