Heldu den irailaren 15etik 23ra Kataluniako Costa Bravan dagoen L’Estartit-era bidaia antolatu du aurten ere Arkupeak erretiratuen elkarteak. Oraindik kasik bi hilabete falta badira ere, bidai honetarako izen ematea astearte honetan, uztailaren 22an, egin behar da, goizeko 11etatik 12etara 948 450878 telefonora deituz. Bidai osoaren prezioa 450 eurokoa da, joan-etorriko otorduak, Panorama hoteleko logela bikoitzean pentsio osoko egonaldia barnean dituela. Bakarkako logela aukeratuz gero, prezioa 570 euro izanen da. Erreserba astearte honetan egin behar bada ere, ordainketa abuztuaren 5ean egin beharko da, Arkupeak elkartearen bulegoan egin beharko da goizeko 11etatik 12etara edo herri bakoitzeko delegatuei, bertzela.
Astebetean turismo eskaintza zabala
Irailaren 15ean, goizeko 6:30ean abiatuko da autobusa Irunetik eta bidean bazkaldu ondotik, L’Estartiteko Panorama hotelean hartuko dute ostatu. Hiru izarreko hotela da, igerileku klimatizatuarekin eta hondartzatik 30 metrora. Han bertan erabakiko dira astean zehar egiteko ateraldiak, aukera ederra esjaubrzeb baitu Costa Brava inguruak: Cap Roig-Palls-Monelillisko lorategi botanikoa, Erdi Aroko herriak, Ampuriasko aurriak, antxoa dastatzea L’Escalan, Palau Satozen nekazaritza tresna zaharren museoa, La Bisbaleko keramika, Roses, Ampuria Brava, Gironako Cadaqués auzo zaharra, Banyoles, Palamos, Platja D’aron erosketak, L’Empordáko hezeguneen parke naturala, Ullastret-eko herri iberiarra, Pereladako gaztelua, Oloteko La Garotsa sumendi ingurura bisita edo Meder irletatik joanetorria itsasontzian. Horiek denak aukeran izanen dira, baina segurutik Figueresen dagoen Dalí Museoa bisitatuko dute Arkupeak elkarteko kideek. Bidaiaren prezioa egin hauetako autobusa eta berenduak ere sartuak daude, ez ordea sarrerak ezta itsasontzian egin beharreko bidaia ere. Irailaren 23an, etxerako bueltan, Zaragozan bazkalduko da eta Pilarika bisitatzeko aprobetxatuko da.
Gogoratu bidai honetarako erreserba astearte honetan, uztailaren 22an egin behar dela.