Igandean, uztailaren 20an, jokatu zen taldeen arteko Nafarroako Herriz Herri Txapelketako lehen saioa Iturenen, eta, Ultzama eta Igantzi gailendu ziren lehen eta bigarren konbinatuetan. Berez sei talde lehiatuko dira txapelketan; hots, Berriozar, Garralda, Igantzi, Gure Txokoa, Ultzama eta Basaburua, baina Iturenen hiru talde aritu ziren lanean: Igantzi, Ultzama eta Garralda.
Ultzama nagusi lehenbiziko konbinatuan
Lehenengo konbinatuan. koxkor-biltzea, zaku-eramate lasterketa, aizkora, korrika eta arpanlariak biltzen dituenean, Ultzama nagusitu zen, eta 23 segundoko aldea atera zion Igantzi bigarren sailkatuari. Hiru taldeek hiruna itzuli egin zituzten segidan. Ultzamak 18 minutu eta segundu bat behar izan zuen lanak akautzeko, Igantzik 18 minutu eta 24 segundu eta Garraldak 18 minutu eta 52 segundu.
Bigarren konbinatuan, Igantzi jaun eta jabe
Bigarren konbinatuan, berriz, harri-jasotzea, txinga-eramaatea eta ingude-jasotzea, Igantzi izan zen azkarrena, eta minutu eta 22 segundoko aldea atera zion Ultzama bigarren sailkatuari. Hiru proba jokatu dituzte, eta taldeak segidan aritu dira proba bakoitza akautu arte. Lana laburra dela kontuan hartuz aipagarria da Igantziko taldeak ateratako aldea. Izan ere, Igantzik 2 minutu eta 35 segunduan akautu du lana, Ultzamak 3 minutu eta 57 segunduan eta Garraldak 3 minutu eta 58 segunduan.
Bigarren saioa Beran uztailaren 26an
Nafarroako Herriz Herri Txapelketa Euskal Herrian jokatzen den taldeen arteko proba konbinaturik garrantzitsuenetakoa da, Euskal Herriko Herrialdeetako Txapelketaren ondoren. Iturenen aritu ziren kirolarien artean Ultzamako Iñaki eta Josetxo Barberena anaiak, Euskal Herriko txapeldunak arpanan eta Aitor Senosiain aizkolaria; Iñaki Bereau, Carlos Sein, Patxi Irazoki eta Oskar Telletxea igantziarrak eta Garraldako Sergio Mandacen aizkolaria zeuden.
Bigarren saioa hurrengo larunbatean, uztailaren 26an, jokatuko da Berako Altzate plazan. Gure Txokoa, Berriozar eta Ultzama izanen dira aurrez aurre.