Berriki odol emaileei buruzko erreportaia egin genuen eta bereziki, Doneztebeko delegazioko kideek bere esperientzia agertu ziguten ttipi-ttapan. Doneztebeko osasun etxe parean zegoen aparkatua odol emaileen autobusa ostiralean, uztailaren 18an. Kanpoan aunitz jende, txandaren zain.
Urte osoan behar da odola
“XX. mendearen hasieran odol transfusioak biziak salbatzen hasi zenetik, gero eta garrantzi handiagoa bereganatzen joan da medikuntza modernoan. Aurrerapen zientifiko, teknologiko eta sozialak direla eta, odol ematea ohiko zeregina bihurtu da Nafarroan. Baina ez dezagun ahaztu donazioa pentsaezina litzatekeela gizon-emakume askok egunero-egunero beren denbora eman eta esfortzua eginen ez balute gaixo askoren bizi kalitatea hobetzeko, baita, batzuetan, haien bizia salbatzeko ere. Bizitzan zehar, pertsona gehientsuenei jarriko zaie noizbait odol-osagairen bat. Urteko egun guztietan egiten dira operazio kirurgikoak. Zirkulazio-istripua edo lan-istripua izan dutenek, minbizia edo tratamendu bortitzen bat dutenek maiz izaten dute transfusio baten beharra. Horregatik, gizarteak beren odola emateko prest dauden pertsonak behar ditu, gaixoei esperantza emateko, bizi-kalitatea hobetzeko edo, askotan, gaixoen bizitza salbatzeko.”
Esperientzia ona
Esperientzi ona da eta gaur bereziki kontent zegoen Juan Karlos Arregi Doneztebeko odol emaileen delegatua. Guk ere animatzen zaituztegu, beharra duenari laguntza ematea gauza ederra baita.