Laxoa txapelketako finalerdiak asteburuan jokatuko dira

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 18a

Baztan-Errekako hogeita bederatzigarren laxoa txapelketako finalerdietako joaneko partidak jokatuko dira aste hondar honetan.

Final laurdenetako azken partida larunbat goizeko 8etan Oitzen

Horretarako, dena den, final laurdenetako itzulerako azken partida jokatu beharko da. Oitz A eta Doneztebe Dk larunbat goizeko 8etan jokatuko dute gibeleratuta gelditutako partida Oitzeko plazan. Oitz izanen da faborito, etxeko plaza berezian jokatzeaz gain, joaneko partidan 7-9 irabazi baitzion Doneztebe Dri. Baina aldea ez da erabakigarria eta jokuak zer ematen duen ikusi beharko da.

Doneztebe A irabazlearen esperoan eta Iruritako bi talderen arteko lehia finalerdian

Irabazleak, Doneztebe A izanen du esperoan, igandean, uztailaren 20an, arratsaldeko 17:00etan jokatuko den partidan. Oitz A izanen balitz arerioa Oitzen jokatuko litzateke finalerdietako joaneko partida hau eta Doneztebe D izanen balitz, Donezteben noski. Bertze finalerdian Iruritako bi talde izanen dira aurrez aurre, B eta A. Uztailaren 19an, larunbatean, jokatuko da partida hau, Iruritako plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun