Hainbat kultur ekitaldi izanen dira Herriz Herri eta Cultur programen barrenean

ttipi-ttapa 2008ko uztailaren 18a

Cultur programak turisen egonaldia atseginagoa izatea nahi du TTIPI TTAPA

200 bizilagun baino guttiago dituzten 64 herritara zine eta antzerki ikuskizunak hurbilduko dituen Correpueblos edo Herriz Herri programa aste hondar honetan abiatuko da. Udazkeneko edo Udaberriko Birarekin bezalaxe, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak herri ttikietara kultur ekitaldiak hurbildu nahi ditu.

Eratsun, Ezkurra, Oitz eta Urrotzen antzerkia eta zinema

Eskualdean, Malerrekako lau herritara ailegatuko dira antzerki eta zinema saioak, Eratsun, Oitz, Ezkurra eta Urrotzera hain zuzen.
Ortziral honetan, uztailaren 18an, arratseko 22:00etan Eratsungo plazan izanen da Hortzmuga taldea, “Zirko Iluna” antzesten.
Larunbatean, uztailaren 19an, arratseko 22:00etan Oitzeko frontoian Ortiga TDS taldearen “Invierno Eseoese” antzeslana ikusgai izanen da.
Ezkurran zinema aukeratu dute. Abuztuaren 2an, “Urtemuga festa” filmea ikusgai izanen da frontoian, arratseko 22:00etan.
Urrozko plazan, azkenik, abuztuaren 24an, Atikus taldearen “El Cucumisuelo” antzeslana izanen da ikusgai.

CULTUR

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, turisten egonaldia atseginagoa egin asmoz urtero antolatzen duen Cultur programaren edizio berri bat abiatu da ortziral honetan, uztalaren 18an. Abuztuaren 31 bitarte hainbat kultur ekitaldi izanen dira Nafarroako 27 herritan eta tartean, eskualdean ere.
Errate baterako, uztailaren 18tik abuztuaren 31ra, Bertizko jaurerriko jauregian Joaquin Ilundainen margo erakusketa zabalik izanen da, goizeko 10:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30era.

Musika Donamariako Jauregian

Hurrengo larunbatean, uztailaren 26an, Ganbara Musika aditzeko aukera izanen da Donamariako jaureginan, arratsaldeko 19:30ean. Fathi Ben Yakoub eta Mathieu Saglio bikoak, biolontxeloarekin eta biolinarekin, Entre Oriente y Occidente izeneko emanaldia eskainiko du. Izenburuak dioen bezala, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubia eraikiko dute musikaren bitartez. Donamariako jauregitik mugitu gabe, abuztuaren 1ean, arratsaldeko 19:30ean, Ana Alcaide Triok munduko musika hurbilduko du, “Como la luna y el Sol” emanaldiarekin. Tekladun biola, biolina, mandola, perkusioa eta hotsa uztartuko ditu hirukoteak.

Elizondon artisauak, herri kirolak eta musika

Elizondon, abuztuaren 2an, larunbatarekin, artisautza ikusgai izanen da Merkatu Plazan, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Akautzerakoan, 19:30ean, Nafarroako Herri Kirol Federazioaren eskutik, herriz herri txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatuko da. Bi aste beranduago, abuztuaren 16an, berriz ere artisauen lanak ikusgai eta erosgai izanen dira Elizondoko Merkatu Plazan, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Akautzerakoan, 19:30ean, Muthiko Alaiak fanfarrea ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun