Eskualdean dauden Saharako umeei harrera ofiziala egin diete Baztan Balleko Etxean

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 17a

Saharako haurrak eta harrerako familiak, Virginia Aleman Baztango alkatearekin batera. TTIPI TTAPA

Hameka haur daude aurten bi hilabetez, abuztuaren 16a bitarte

Ortzegun eguerdian, uztailaren 17an, gure eskualdera ekarritako Saharako haurrei harrera egin zitzaien Baztango Balleko Etxean. Badira zenbait urte Saharar herriaren aldeko taldeak uda sasoian bidai hauek antolatzen dituela, eta modu honetan, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren haur hauei uda partean bertze bizitza eta errealitate bat ezagutzeko aukera ematen zaie, bidenabarkoan garai honetan Saharan izaten den bero ikaragarria eta gaixotasunak hartzeko arriskua saihestuz.

11 haur uda honetan, iaz baino 2 guttiago

Aurten 11 haur etorri dira, iaz baino 2 guttiago, zenbait familiek atsedenaldia hartzen baitute. Baztango udaleko alkatea den Virginia Alemanek ongi-etorria eman die eta gure eskualdearen eta Sahararen arteko ezberdintasunak aipagai izan ditu. Hitz batzuk egin ditu euskaraz, baina haurrak soilik gazteleraz mintzatzen direnez, hizkuntza hau erabili du komunikazio tresna moduan.

«Familien elkartasuna eredugarria»

Baztan-Bidasoako familiei egiten duten lana eskertu die eta aldi berean, erakusten duten elkartasuna eredugarria dela azpimarratu. Segidan, hurbildutako haur bakoitzari opari batzuk banatu dizkie eta hauek irribarretsu eta alai jaso dituzte. Ondotik, Hita Sagasetak guraso guztien izenean solas egin du eta lan honekin jarraituko dutela aipatu du, gainerako jendea animatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun