Baztan-Bidasoa-Xaretako Gastronomia Gida argitaratu du Kulturkarik

ttipi-ttapa 2008ko uztailaren 17a

Gastronomia Gidaren azala. TTIPI TTAPA

58 jatetxeren eskaintzaren berri ematen du eta turistak ibiltzen diren tokietan banatuko dira

Baztan, Bidasoa eta Xaretako Gastronomia Gida argitara eman berri du Kulturkarik. Bertan, inguru honetako 58 jatetxe eta ostaturen eskaintzaren berri ematen da 40 orrialdetan, bakoitzak eskaintzen dituen berezitasunak eta zerbitzuak azalduz hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Berezitasun horien artean, karta, menua edo plater konbinatuak eskaintzen dituzten, aparkalekua baduen edo lo egiteko aukerra baden eta bertze hainbat jakingarri biltzen dira, jatetxeak eskaintzen duen plater baten argazkiarkein batera.

Herrika antolatua

Modu berean, herrika antolatua dagoenez, herri horrek eskaintzen dituen zerbitzuen berri ere ematen du, hala nola, frontoia, igerilekua, supermerkatua, gasolindegia, autobus zerbitzua, lo egiteko tokia, turismo bulegoa, osasun etxea edo farmaziarik baden jakinaraziz.

6.000 ale

6.000 ale argitaratu dira, turistak ibiltzen diren tokietan banatuko direnak, jendeak har dezan eta bazkaltzeko edo afaltzeko plana egiten lagungarri izateko. Era berean, jatetxe-ostatu bakoitzean ere utziko dira ale batzuk bezeroen artean banatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun