Datorren igandean, uztailak 20, hasiera emanen zaio Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Herriz Herri txapelketari. Igandeko jardunaldia lehena izanen da eta Iturengo plazan jokatuko da arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Basaburua, Gure Txokoa eta Igantzi eskualdeko ordezkariak
Aurtengo Herriz Herri Txapelketan kategoria bakarra izanen da eta bertan Igantzi, Berako Gure Txokoa eta Basaburua izanen dira eskualdeko ordezkariak, Berriozar, Garralda eta Ultzamarekin batera. Taldeak bi konbinadetan lehiatuko dira: lehenengo konbinadan koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana izanen dute eta bigarren konbinadan harrijasotzea, txinga-erute eta ingude altxatzea.
Lehen konbinadan, hiru onenak finalera
Lehen konbinadan lau jardunaldi eta finala jokatuko dira. Talde bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu. Jardunalditako hiru talde onenak pasatuko dira finalera. Azken hiru sailkatuak final egunean 4. , 5. eta 6. postuetarako lehiatuko dira. Beraz, final egunean bi zati izanen dira: Txapelduna eta lehen 3 postuak eta erabakitzeko eginen den finala, alde batetik eta 4., 5. eta 6. postuak erabakitzeko eginen den proba Finalera pasako diren taldeak erabakitzeko, talde bakoitzaren bi denborak batuko dira.
Bigarren konbinada liga sisteman
Bigarren konbinada edo hiru kirol proba Liga sisteman eginen da: talde bakoitzak jokaturiko hiru jardunalditako denborak batuko dira, beti ere kontuan hartuz talde guztiek bi egunez atseden hartuko dutela.
Txapelketaren egutegia
Iturenen igande arratsaldeko 18:00etatik aitzinera jokatuko den lehen jardunaldian Igantzi, Garralda eta Ultzama ariko dira. Bigarren jardunaldia Beran jokatuko da hurrengo larunbatean, uztailaren 26an arratsaldeko 19:00etan eta Gure Txokoa, Berriozar eta Ultzama izanen dira aurrez aurre. Hirugarren jardunaldia abuztuaren 2an jokatuko da Elizondon, arratsaldeko 19:30ean eta Garralda, Basaburua eta Igantzi izanen dira nor baino nor. Laugarren jardunaldia izanen da eskualdetik kanpo jokatuko den bakarra, abuztuaren 30ean Berriozarren jokatuko baita. Berriozar, Basaburua eta Gure Txokoako taldeak izanen dira protagonista. Finala, azkenik, Arraiozen jokatuko da irailaren 6an, arratsaldeko 19:00etan.