Laxoa txapelketako finalerdiak erabakitzeko partida baten faltan

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 15a

Iruritako talde bat izanen da finalean, A eta B taldeen arteko finalerdia jokatuko baita

Baztan-Errekako Laxoa txapelketako final larudenetako itzuliko partida batzuk jokatu ziren joan den aste hondarrean. Halere, Oitz A eta Doneztebe Dren arteko partida gibeleratu egin zen eta beraz, oraindik erabaki gabe daude finalerdiak. Oitz A izanen da faborito, Donezteben 7-9 irabazi zuelako eta itzuliko partida herriko plaza berezian jokatuko duelako, baina ikusi egin behar.

Doneztebe A eta Irurita A nagusitasunez

Bertze partidetan ez zen ezusterik izan. Doneztebe A eta Bren arteko itzuliko partida joanekoa baino lehenago jokatua zuten. Bietan 9-4 nagusitu zen Doneztebe A taldea eta finalerdietarako lehen sailkatua zen. Asteburu honetan, bereaz, Irurita A eta Oitz Bren arteko partida jokatu zen. Baztandarrek hutsean utzi zituzten Malerrekakoak eta joanekoan ere 2 eta 9 irabazi zutenez, finalerdietan izanen da Irurita A.

Iruritarren arteko finalerdia

Gainera, Iruritako talde bat seguru izanen da abuztuaren 3an Doneztebeko plazan jokatuko den finalean. Izan ere, Irurita Bk 9 eta 2 irabazi zion Arraioz Ari final laurdenetako itzuliko partidan. Joanekoan ere 4 eta 9 irabazi zutenez, Irurita B izanen da finalerdian eta Irurita A izanen du arerio. Hasierako fasean multzo berean egokitu ziren eta Irurita A nagusitu zen bi partidetan, baina ikusi beharko finalerdian.

Doneztebe A esperoan

Beraz, Doneztebe A taldea finalerdirako arerioaren esperoan dago orain. Oitz Ak abantaila dauka, baina Doneztebe D ere txartelaren bila saiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun