Udan sartuak gaudela, gomendio argi luzatu du Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak: “adi kreditu-txartelekin”. Izan ere, sasoi honetan nabarmen egiten du goiti lapurtutako kreditu-txartelen erabilerak. Gaizkileek kontsumitzaileen edozein hutsegite aprobetxatzen dute txartelak erabiltzeko. Irachek CIES enpresaren bitartez egindako inkesta baten arabera, Nafarren %9ari noizbait lapurtu diote kartera udan, batez ere, besta garaian eta hondartzan. Adineko jendea izan ohi da kaltetuena.
Sinadura lehenbailehen egitea
Halako iruzurrak saiheste aldera hainbat aholku luzatu ditu Kontsumitzaileen Elkarteak. Alde batetik, kreditu-txartelean lehenbailehen sinadura egiteko erran dute, eta ezkutuko zenbakia ez inon ere paratzeko. Bankuak horretarako aukera ematen badu, argazkia agertzea ere ongi ikusten du Irachek, baita txartelaren atzean “beti eskatu NAN” paratzeko ere. Dirua ateratzerakoan makinak inongo aparaturik ez duela ziurtatu behar da, eta ezkutuko zenbakia markatzerakoan eskuarekin teklatua estaltzeko. Ordainagiriak edonon ez botatzeko ere aholkatu du Elkarteak, bertan agertzen diren datuak bertze norbaitek erabil ditzakeelako telefono bidez edo Internetez erosketak egiteko. Azkenik, erran, bakoitzak ahalik eta kreditu-txartela guttien edukitzea dela onena Iracheren ustetan, eta erabiltzen ez direnak baliogabetzeko aholkatu du, eta sakelean bat baino ez erabiltzeko.
Bankuari lehenbailehen jakinarazi
Edonola ere, galdu edo lapurtuz gero, berehala jakinarazi behar zaio bankuari, txartela baliogatzeko. 24 orduko zerbitzua eskaintzen dute bankuek eta berdin dio orduan zein da. Horrez gain, polizia-etxean salaketa paratzea ere gomendagarria omen da. Behin hori eginda, txartelarekin erosketaren bat egin badu lapurrak, hori ez da txartelaren jabearen gain joanen, beti ere, erosketaren ziurtagiria tartean badago. Gainera, Europako legedi batek zera dio: txartela lapurtua izan den unerarte bankuak bere gain hartu behar ditu kalteak, beti ere 150 euroko mugaren barrenean.
Nortasun Agiria eskatzeko aholkua dendei
Dendei dagokionean, berriz, zenbait aholku nagusi ere luzatu dizkie Irachek. Hala nola, erosleari beti Nortasun Agiria eskatzeko; kreditu-txartelaren jabea Nortasun Agiria duena ote den frogatzeko eta Nortasun Agirian ageri den argazkia eta eroslea pertsona bera ote diren ziurtatzeko.