Eskualdera etorritako herri kirol txapelen uzta handitu da Sanferminetako azken aste hondarrean

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 14a

Txingetan eta ingudean, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, eskualdeko kirolariak izan dira txapeldun

Nafarroako Bi-Bitako Aizkora Txapelketan, Miel Mindegiak eta Juan Jose Lopezek irabazi zuten igande eguerdian Iruñeko Foruen Plazan, 22 segundoko aldea aterata Floren Nazabal eta Daniel Vicenteri. Donato Larretxea eta Joxejuan Barberena hirugarren gelditu ziren. Sei enbor kanaerdiko eta sei 60 ontzako mozteko 21 minutu eta 18 segundu behar izan zituzten Mindegiak eta Lopezek. Txapelketa hau irabazten duten laugarren aldia da bi aizkolarientzat, baina lehen aldiz irabazi dute elkarrekin. Mindegiak 1999an irabazi zuen lehen aldiz Patxi semearekin; 2000an Etxeberriarekin; 2006an Daniel Vicenterekin eta aurten Lopezekin. Juan Jose Lopezek, berriz, Nazabalekin irabazi zuen 2002an, 2003an eta 2005ean, eta, jakina, aurtengoa Mindegiarekin. Nazabal eta Vicentek 21 minutu eta 40 segundu behar izan zuten lana akautzeko eta Larretxeak eta Barberenak 23 minutu eta 51 segundo.
Aipatu, egun horretan, Donato Larretxeak gau osoa errepidean egin zuela, eta goizean heldu zela Iruñera. Izan ere, Malagan Timber Sport Txapelketan parte hartu zuen, Vicente eta Patxi Larretxearekin batera. Sei proba jokatu zituzten, eta eurek hartu zituzten podiumeko lehen postuak; Vicentek lehena, Donato Larretxeak bigarrena eta Patxi Larretxeak hirugarrena.

Orga txapelketan, Joseba Petrirena beratarra txapeldun

Nafarroako Orga Joku Txapelketa ere igande eguerdian jokatu zen Iruñean eta parte-hartzaile guztiak eskualdekoak izan ziren. Joseba Petrirena beratarrak jantzi zuen txapela, orgarekin 7 itzuli eta laurden eta 1,85 metro eginda. Ondotik sailkatu ziren Igor Lasaga herrikidea, 6 itzuli eta 5,40 metrorekin; Jabier Galarregi etxalartarra 5 itzuli eta 1,48 metrorekin, Josetxo Urrutia leitzarra, 4 itzuli, 3 laurden eta 2,05 metrorekin; Mikel Pikabea beratarra 4 itzuli terdi eta 5,02 metrorekin eta Xabier Ariztegi etxalartarra, 3 itzuli eta laurden eta 1,80 metrorekin. Hasieran Lazaro Bujan leitzarra ere aritzekoa zen, baina ez zuen parte hartu.

Txinga eramaten, Esther Iriarte narbartearra eta Mielanjel Sukuntza leitzarra

Larunbat eguerdian, berriz, txinga eramate txapelketan, emakumeetan Esther Iriarte narbartearrak jantzi zuen txapela, 22 plaza egin ondotik. Xanta Sousa lesakarrari bi plaza pasatxoko aldea atera zion; Estibalitz Almandoz lesakarra gelditu zen hirugarren, 11 plaza eta laurden eginda eta Maite Bengoetxea urdazubiarra laugarren, 4 plaza eta laurden eginda. 25 kiloko txingekin aritu ziren.
Gizonezkon txinga eramate txapelketan, nagusitasun osoz gailendu zen Leitzako Mielanjel Sukuntza, 17 plaza eta 1,44 metro eginda. Jabier Galarregi etxalartarra bigarren izan zen, baina 6 plaza ta laurden eta 1,76 metro egin zituen. Hirugarrena Berriozarko Imanol Martin izan zen, 5 plaza terdi eta 6 metro eginda. Gizonezkoak 50 kiloko txingekin aritu ziren.

Ingudean, Xabi Sein igantziarra eta Maite Iriarte narbartearra

Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa, gizonetan, jasoaldi bateko aldeaz jantzi zuen txapela Igantziko Xabier Seinek, bigarrena Joakin Aioroa iturendarra izan zen. Igantziarrak 91 altxaldi egin zituen minutu terdian eta iturendarrak 90. Karlos Sein igantziarra hirugarren izan zen 87 jasoaldirekin, Josetxo Urrutia leitzarra laugarren, 85 jasoaldirekin eta Berriozarko Asier Urbistondo bosgarren, 75 jasoaldirekin. 18 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu terdiz. Emakumezkoetan, bi lagunak narbatearrak ziren: Maite Iriarte gailendu zen 77 jasoaldirekin eta Ane Verde bigarren gelditu zen, 60 jasoaldirekin. 9 kiloko ingudearekin aritu ziren minutu terdiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun