Zugarramurduko lezeak eta museoak udako ordutegi berezia daukate

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 14a

Sorginen Museoaren Ganbaran, Xaretako Margolariak erakusketa zabalik dago

Zugarramurdiko turismo baliabideetara sartzeko udako ordutegi berezia daukate uztailaren 1etik irailaren 21era. Lezea egunero irekia egonen da, goizeko 10:30etik arratseko 20:00etara. Sorginen Museoari dagokionez, astelehenetan eta astearte goizetan itxita egonen da. Astearte arratsaldetan, 16:00etatik 19:30era irekiko da eta asteazkenetik igandera, goizeko 11etatik arratsaldeko 19:30era.

Xaretako margolariak

Aipatzekoa da, uztaila eta abuztuaren lehen hamabortzaldian, Zugarramurdiko Sorginen Museoko ganbaran “Xaretako Margolariak” izeneko erakusketa egonen da ikusgai: Mariano Arrieta, Bixente Garzia eta Georges Labrosse “Yola” margolarien berrogeitamarren bat lan ikusteko aukera izanen da, pintura figuratibo eta abstraktoa lantzen duten margolariak hain zuzen. Saran bizi eta lanean aritzen diren hiru artista hauen elkargunea dugu erakusketa hau, lehenago ere elkarren artean lanean aritu baldin badira ere.

Sarreretako prezioak

Sarreretako prezioei dagokienez, lezean sartzeko 3 euro terdi ordaindu beharko dute helduek eta 2 euro haurrek. Museora sartzeko, berriz, 4 euro ordainduko dute helduek eta 2 euro haurrek. Dena den, museoko sarrerarekin beherapena izaten da lezean sartzeko eta alderantziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun