Doneztebeko Udal haur eskolan izen emateko epea zabalik dago

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 14a

Urtebete eta hiru urte arteko 46 umerentzat lekua izanen du

1 eta 3 urte arteko umeentzako Udal Haur Eskola abiatuko da heldu den ikasturtean Malerrekan eta bertan izen emateko epea zabaliko dago uztailaren 7tik 31ra. Horretarako, Doneztebeko udaletxera joan behar da, Haur Eskola Doneztebeko Udalak zuzenean kudeatuko baitu Malerrekako Mankomunitatearentzat.

46 umerendako lekua

Heldu den azaroan edo abenduan ekinen dio ibilbideari Udal Haur Eskolak. Elizagibela auzoan dago Udal Haur Eskola berria, pisu tutelatuen behealdean, eta hasiera batean 46 hartuko ditu: 32 haur handien gela bikoitz batean eta 14 haur gela konbinatu batean.

Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara

Bertan, haurrari dagozkion esperientzia eta garapena landuko dira. Lan-metodologiari dagokionez, haurrentzako interesa eta esanahia duten jarduera globalizatuak eskainiko dira, esperientzian, jolasean, afektibitatean eta konfiantzan oinarriturik. Eskolaren ordutegia goizeko 9etatik arratsaldeko 17:00etara izanen da. Dena den, gurasoen beharren edota lehentasunen arabera egonen dira haurrak eskolan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun