Baztan-Errekako XXIX. Laxoa txapelketa azken fasean sartu da eta dagoeneko. Final laurdenetako joaneko partidak joan den asteburuan jokatu ziren eta honetan itzulikoen txanda izanen da.
Aitzineko asteburuko emaitzak hauek izan ziren: Doneztebe Bk 4 eta 9 galdu zuen Doneztebe Aren kontra. Oitz Bk aisa galdu zuen 2 eta 9 Irurita A taldearen aurka. Doneztebe D taldea nahiko parekatua ibili zen Oitz A taldearen aurka, baina azkenean 7 eta 9 galdu zuen. Elizondoko plazan jokatutako partidan, Arraioz Ak 4 eta 9 galdu zuen Irurita Bren kontra. Azkenik, aipatu, Doneztebe A eta Doneztebe B taldeek lehenagotik itzuliko partida jokatu zutela, eta hala, astebete aitzineratu zuten jardunaldia. Azken emaitza 9 eta 4koa izan zen Doneztebe A taldearen alde.
Beraz, asteburu honetan jokatuko diren itzuliko partidak guztiz erabakigarriak izanen dira, hor jokatuko baitute nor pasatzen den finalera.
Larunbatean lehen partida jokatuko da Oitz A eta Doneztebe Dren kontra. Gainerako bi norgehiagokak igandean jokatuko dira. Batetik, Irurita B, Arraioz Aren kontra eta Irurita A, Oitz Bren kontra.
Emozioz beteriko jardunaldia izanen da.
Erremontean final haundia
Bertzalde, Iruñera begira jarriz eta erremonte kontuak aipatuz, Sandua Olioak-San Fermin txapelketako finala jokatuko da larunbat honetan, uztailaren 12an.Hori baino lehen, finalerdiak jokatu ziren ostegunean, uztailaren 10ean, Euskal Jai Berri-Reyno de Navarra pilotalekuan. Lehen finalerdian Ezkurra eta Aizpuru, 40 eta 36 nagusitu ziren Uterga eta Lizasoren aurka.
Azken txanpan sartu arte hagitz partida lehiatua izan zen. 29-28an zegoenean markagailua Ezkurra bikain aritu zen Lizasoren defentsa kolokan jarriz. Uterga ere ausart ibili zen eta 18 tanto egin zituen, Ezkurrari aurrez-aurre begiratuz.
Txapelketa honetan, azken bi hilabeteetan Galarreta frontoian erakutsi duen maila bikaina berretsi du Ezkurrak.
Bertze finalerdian Zeberio II.a eta San Migelek 26 tantotan utzi zituzten Urriza eta Urrutia. Bikote garaileak partida honetan ere berretsi zuen txapelketa honetako bikote sendo eta hoberena izan dela. Dena dela, azken emaitzak berez ez du erakusten kantxan gertatutakoa eta Urriza eta Urrutiak gogor egin zieten aurre, guttienez 17 tantotara berdindu zuten arte. Baina hortik aitzinera partidak erabateko norabide aldaketa izan zuen eta gorriek 9 tanto segidan egin zituzten.
Final handian izanen dira, hortaz, Ezkurra-Aizpuru eta Zeberio II.a-San Migel. Lau erremontelarietatik 2 gure eskualdekoak dira.