Erreka Kirol Elkarteak Malerrekako Mendi Itzulia antolatu du uztailaren 26 eta 27rako

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 11

Mendaurko kaxkoa izanen da Itzuliko azken tontorra. TTIPI TTAPA

Bi eguneko mendi martxa izanen da eta egunean 35 kilometro inguru egin beharko dira

Lehenbiziko aldiz eginen da uztailaren 26an eta 27an Malerrekako Mendi Itzulia, bi eguneko mendi martxa. Larunbatarekin, uztailak 26, hasi eta igandean, hilak 27, bukatuko da. Itzulia 07:00etan abiatuko da Doneztebetik eta Labeaga aldera –Donamaria– joanen da, Belate eta Baztanekin muga egiten duen tokira. Handik, Leurtzako enbaltseetan barna, Uztakortarako bidea hartuko dute mendizaleek, eta handik Gorostieta aldera, Saldias eta Ultzama artean dagoen kaxkora. Otxolan barna ibili ondotik Basakabira ailegatuko dira mendizaleak. Lehenbiziko eguna Basakabin afaldu eta lo eginez bukatuko dute.

Biharamunean, uztailaren 27an, Basakabitik abiatu ondotik Iruñarri –Eratsun– izanen dute lehenbiziko tontorra. Ondotik, Zubieta eta Labaien artean dagoen Sorginzelai mendira joanen dira, eta hemendik Loizatera. Arantzako lurretan sartuz, Ekaitza eta Mendieder izanen dira hurrengo tontorrrak. Handik Mendaurko kaxkora joanen da ibilaldia eta bukatzeko Doneztebera itzuliko dira berriz.

Egun bakoitzean 35 kilometro inguru

Egun bakoitzean 35 kilometro inguru egin beharko dira, eta interesatuek Doneztebeko Titi Ostatuan eman beharko dute izena. Asteazken hau, hilak 23, da horretarako azken eguna. Izen ematean ordaindu behar diren 20 euro horien barne sartzen dira larunbateko afaria eta igandeko gosaria. Elkarteko bazkide direnek, berriz, 17 euro ordaindu beharko dituzte.

Informazio bilera aitzineko asteazkenean

Aitzineko asteazkenean, uztailak 23, 20:00etan Errekaren Egoitzan bilera bat egitekoa da xehetasun guztien berri emateko. Informazio gehiago 619 309280 telefonoan (Sanba).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun